«Batzuetan ez duzu horren perfektua egin behar, eskuz margotua dela nabari dadin»
Zinemaldi betean, Zurriola pasealekua betetzen duten karteletako baten irudiaren egilea da Aritz Trueba (Aiete, 1980). Ikastolen Elkartean lan egiten du ikas materialetarako animazioak sortzen eta komunikazio arloko bideoak eta argazkiak egiten ditu, baita ere. Handik kanpo, bestelako sormen lanekin erronka berriak bilatzen ditu.

Zergatik Guk Egina taberna?
Etxe ondoan dago eta askotan jaisten naiz kafea eta tortilla pintxoa hartu eta komikiren bat-edo irakurtzera.
Taberna irakurtzeko leku egokia da?
Kafetegiak, bai. Terraza badu, ordu jakin batzuetan… oso egokiak iruditzen zaizkit. Asmatu behar duzu ordutegiarekin.
Noiz hasi zinen marrazten?
Txikitan. Ikastolan, irakasle bat harritu egiten zuen objektuen eta gauzen tamaina egokia egiteko nuen erraztasunak. Gurasoei esan, eta margo tailerretara animatu ninduten. Koadroak margotzen hasi nintzen 8-9 urterekin. Hango irakasleak, ordea, laster aspertuko nintzela zioen. Batzuek animatzen zaituzte eta beste batzuek…
Noiz pasatu zinen koadroak margotzetik binetetan marraztera?
Nahiko berandu. Ikastola garaian irakurtzen nituen: superheroienak, SuperHumor, Zipi y Zape, tarteka, Ipurbeltz. Ondoren, Arte Ederretan, beste mota batekoak; baina 28 bat urterekin hasiko nintzen marrazten. Lanean, animazio munduan sartu nintzen, eta handik kanpo proiektu propioak argitaratzeko beharra sortu zitzaidan. Martin eta Xabier Etxeberria anaiei proposatu nien album ilustratu bat egitea, eta beraiek, esku artean zuten komiki baterako gidoi bat. Hala, Buyan-ekin (2019) hasi ginen. Ez nuen sekula pentsatuko zazpi urte pasatuko nituenik horrekin.
Ondoren, ‘Natasha’ (2022) egin zenuen, Koldo Almandozekin.
Jatorrian, Natasha film baterako proiektua zen eta dosierrerako irudi batzuk eskatu zizkidan. Komikia egitea askoz azkarrago joan zen, behin prozesua ezagututa. Komikiak ez dira soilik marrazkiak, istorio hori laburtu, nola kontatu… Proiektu eraginkorra egin behar duzu dituzun denbora eta baliabide ekonomikoekin.
Ez da elkarlanean egin duzuen lan bakarra. Nola sortu zen harremana?
Gure gurasoen etxeak parean zeuden eta, betidanik, harremana konfiantzazkoa eta zuzena izan da. Koldok ezagutzen zuen nire lana eta atsegin zuen. Trebiñu II (2016) irrati fikziorako karatula eskatu zidan eta Oreina (2018) pelikularen errodajeari buruzko liburuxkarako marrazkiak. Olioan margotzea faltan botatzen nuenez, aisialdian, olio efektua zuten erretratuak margotzen hasi nintzen ordenagailuan. Koldok ikusi, eta Hondar Ahoak-en (2020) kartela egitea proposatu zidan.
«Jendeak jakingo balu zenbat ordu pasatzen ditugun eserita, margotzen, gehiago baloratuko luke komikilarien lana»
Orain, ‘Zeru Ahoak’-ena (2025) egin duzu. Urrutitik, argazkia dirudi.
Bai, hurbildu ahala, pintzelkadak agertu eta olioz margotuta dagoela dirudi. Jendeak pentsa dezake adimen artifizialarekin (AA) sortutako irudia dela edo argazki bat filtro batekin. Batzuetan ez duzu horren perfektua egin behar, eskuz margotua dela nabari dadin.
AA-k ilustratzaileon lana ordeztu dezake edo balioa ken diezaioke?
Beldurra ematen dit bezero batek pentsatzea nire denbora eta AA-rena bera izan daitekeela. Aginduak eman eta bost segundotan du marrazkia; nik edozein zirriborro egiteko hogei minututik gora pasatzen dut. Jendeak jakingo balu zenbat ordu pasatzen ditugun eserita, margotzen, gehiago baloratuko luke komikilarien lana.
Teknologiak alde onak ere baditu; baina xarma handiago zerk du: paper gainean ala digitalean marrazteak?
Praktikoagoa da digitalean, prozesu asko salta ditzakezu eta zuzenketak egiteko aukera duzu. Ikastolen Elkartean lan egiten dut eta tableta baten gainean arkatz digitalarekin marrazten dut. Hala ere, tarteka, bereziki gauez, beharra sentitzen dut pantailak utzi, eta bestelako euskarrietan esperimentatzeko. Margotzeko, nahastea gustatzen zait: koadernoan marraztu, entintatu, argazkia egin eta tabletan koloreztatzen esperimentatu.
Komiki bat ikas materiala izan al daiteke?
Bai, oso aproposa da. Esaterako, Natasha–ren lagin bat badago Kiva programaren barruan sexu jazarpenari buruzko gaiak lantzeko. Duela bi urte, bi komiki marraztu nituen Ikastolen Elkarterako, abentura bat eta Erromari buruzkoa bestea. Oso harrera ona izan dute. Komikiaren ezagutza handiagoa izaten laguntzen du, baita ere.
Komikia taberna batean girotuta ez badago ere, Juantxon lan egiten du Natashak. Zergatik?
Juantxo tabernako jabea nire anaiaren kuadrillakoa da, eta Buyan argitaratu genuenean, eskatu egin zidan irakurtzeko. Nahi horrengatik, detaile moduan egin nuen.
Eta beste keinu baten ondorioz, Gorka Urbizurekin lan egin duzu.
Komikian agertzen den zerbitzarietako batek Berri Txarrak-en kamiseta darama. Marraztu aurretik, baimena eskatu nion Gorka Urbizuri, sare sozialen bidez. Gerora, bere diskoa atera zuenean merchandising-erako marrazkiak eskatu zizkidan. Berak jarraitzen ninduen, Hondar Ahoak-en lanetik. Lan oso azkarra izan zen. Diskoa atera eta hilabetera kontzertuak hasi behar zituen; horren sekretuan eraman zuen azken unera arte ez nuela jakin. Esango nuke sortzailearen lana eta askatasuna oso ondo ulertzen dituela.
Zein da zure hurrengo asmoa?
Autore oso gisa aritzea: zerbait idatzi eta horretan jardutea. Proiektu batean sartzean, beti eduki behar dut erronka bat. Gidoia badut, baina denbora behar dut. Beste lantxo batzuk etortzen zaizkit, interesgarriak, eta egia da nahiago dudala talde lanean aritu. Beste norbaitekin lan egiten duzunean, besteak esaten dizun horren eztabaidan sortzen den produktua aberatsagoa da, eta konpromisoak ere bultzatzen zaitu lana amaitzera.