Aquariumean zaindutako hiru 'Caretta caretta' itsas dortoka itsasoratu dituzte
Pluma, Morla eta Laida dira dortoken izenak, eta arazo larriengatik tratatu dituzte: desnutrizioa, deshidratazioa, arnas infekzioak eta bigarren mailako infekzioak.
Hiru itsas dortokak, itsasoratu aurretik.Donostiako Aquariuma Azken urteotan, ahuldutako dortoken hondartze kopurua nabarmen handitu da Euskal Herriko kostaldean. Horren aurrean, hainbat itsas dortoka berreskuratzeko eta itsasoratzeko indarrak batu dituzte hainbat erakundek. Hala nola, Donostiako Aquariumak, Plentziako Itsas Estazioak eta Tragsatec enpresak. Sareus (Euskal Hondartze Sarea) proiektuaren bidez ahalbidetu dute animalia horien berreskuratzea, Biodibertsitate fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari esker.
Hiru itsas dortoka, Caretta caretta (latinez), egoera txarrean jaso zituzten udaberrian, Aquariumean. Pluma, Morla eta Laida izenak jarri zizkieten. Dortokak arazo larriengatik tratatu zituzten: desnutrizioa, deshidratazioa, arnas infekzioak eta bigarren mailako infekzioak. Aquariumera sartzean, dortoka bakoitza erradiografien bidez diagnostikatu behar izan zuten, eta berrogeialdiko zonaldeko akuarioetan kokatu zituzten, 25 graduko tenperatura konstantean mantenduz. Antibiotikoekin, kolirioekin eta bitaminekin aberastutako dieta askotariko batekin tratatu zituzten.
Hiruak sendatu ostean, pasa den irailean itsasoratu zituzten. Itsas dortokek beraien bizitzaren zatirik handiena itsasoan eta kostaldeko ur sakonetan igarotzen dute. Gutxitan hurbiltzen da kostaldera, emeek habiak induskatu eta arrautzak erruteko bisita laburrak izan ezik.


