Auzoak, bizilagunak eta beren festak baliabide berriekin indartzea proposatu du EH Bilduk
Donostia Festak Sailean auzo jaien azpi atal berezitua eratzea eta auzo jaiak antolatzeko udal baliabideak handitzea proposatu dute.
EH Bilduko ordezkariak hiriko jai batzordeetako kide batzuekin.EH Bildu EH Bilduren udal taldea “eskuz esku” elkarlanean ibili da Donostiako auzoetako jai batzordeekin, “auzolanean antolatu eta auzolanean aurrera ateratzen diren jaiekin dituzten arazoak, trabak eta burokrazia nola gainditu aztertzeko”. Helburua, lan eskergari bide eman eta administrazioa herritarren zerbitzura jartzea dela nabarmendu dute.
Proposamena landuta, agerraldi bateratu bat egin dute udaletxean, Markel Ormazabal eta Garbiñe Alkiza EH Bilduren zinegotziek auzoetako jai batzordeetako ordezkariekin batera. “Garaia da udal gobernuak baliabideak eguneratzea auzoek antolatzen dituzten jaien bideragarritasuna ziurtatzeko. Horrek, esan gabe doa, Donostiako Festak saila eguneratzea dakar. Iradokizuna iragan batzordeetan mahai gainean jarri ostean, Donostia Kulturaren Kontseiluan bertan aztertuko da. EH Bildutik espero dugu aintzat hartu eta bide orri batekin lanean jartzea”, azaldu dute.
Ormazabalek nabarmendu duenez, auzoko jaiak gizarte kohesiorako aparteko tresnak dira eta, aldi berean, “gutxietsi ezin den ekarpen kultural eta ekonomikoa egiten dute”: “Auzoak ematen du hiriko bizitzaren neurria eta jaiak dira auzoak bizirik irauteko arrazoietako bat. Auzoko jaiak berdinetik berdinerako jaiak dira, belaunaldi ezberdinak elkartzen ditu, eta horrek auzoan bertan bizitzera gonbidatzen ditu bizilagunak. Funtsezkoak dira auzo bizitzan».
Auzoak eta jaiak
EH Bilduk hirian antolatzen diren jaien inguruko datu bat eman du. Igeldo eta Zubieta kontutan hartuta, Donostiak 21 auzo ditu. “Donostiako Festak Sailak, ordea, 30 auzo jai zerrendatzen ditu. Hau da, auzoak baino festa gehiago dago eta, hala ere, zerrenda hau motz geratzen da”, jakinarazi dute.
“Ehunka herritarrek modu boluntarioan eta auzolanean egiten duten lana behar den neurrian errekonozitua ez egoteaz harago, uste dugu gero eta oztopo gehiago jartzen zaizkiela bidean”, esan du Ormazabalek. Horietako batzuk zerrendatu ditu: “Ezinezko administrazio izapideak, kostuen garestitzea, araudi murriztailea, espazio publikoa erabiltzeko oztopoak… eta abar luze bat. Orain gutxi ospatu diren Intxaurrondoko jaietan, edo Bidebietakoetan adibidez, askotariko arazoak egon direla badakigu”.
Bi proposamen
Bi proposamen egin ditu udal taldeak. “Lehena, Donostia Kulturaren baitako Donostia Festak Sailean auzo jaien azpi atal berezitua eratzea da”, aurreratu du Alkizak. “Euskal Jaiak, Estropadak, San Tomas Feria, Gabonetako kabalkadak, Danborrada, Kaldereroak, Inudeak eta Artzainak, Inauteriak, San Juan Sua, Aste Nagusia… Eta hori guztia gutxi ez balitz, Festak sailak auzoetako jaien ospakizuna ere bultzatzen du, besteak beste, jaiak aurrera ateratzeko «beharrezkoak diren udalaren ekarpen eta baimen guztien kudeaketa koordinatuz”.
Horrekin batera, Alkizak esan du Donostia Festak Saila hamaika langilek osatzen dutela. “Gure iritziz, eta auzoetako jai batzordeetatik horrela helarazten digute, Donostiako auzoetan jai berriak etengabe asmatzen direla eta jai horiek hartu duten garrantzia ikusita, beharrezkoa da Donostiako Festak Saila eguneratu eta egoera berrira berregokitzea”, nabarmendu du Alkizak. “Gauzak horrela, Donostiako Festak sailean auzo jaien azpi atal berezitua eratzea proposatzen dugu, besteak beste, administrazio prozedurak eta udal sailen arteko koordinazioa edo bitartekaritza erraztuko dituena, eta, auzoetako jai batzordeekin harreman iraunkorrean egongo dena, hiri osoaren ikuspegiarekin jardunez. Horretarako, lanaldi osoko teknikari bat eta lanaldi erdiko administrari batekin has liteke, proba gisa, hasiera batean behintzat pertsonala handitu behar izan gabe”, gaineratu du.
Bigarren proposamena auzo jaiak antolatzeko udal baliabideak eguneratzeari eta handitzeari buruzkoa da. “Sailak auzoei eskaintzen dien laguntza ekonomikoa gaur egungo beharretara egokitzeak ez dakar zailtasun handiagorik. Baina ez da gauza bera gertatzen bestelako baliabideekin, esaterako, azpiegiturarekin: mahaiak, aulkiak… Auzoetako jaien kopuruak gora egin duen arren, auzo jaiak bultzatzeko sailak eskaintzen dituen horrelako bitartekoak apenas aldatu dira. Jai horietan gero eta jende gehiago biltzen da, eta jai guneetan jartzen diren komun publikoak, adibidez, ez dira nahikoak. Gainera, auzo jaiek hartu duten dimentsioak eta gizarte aldaketek baliabide berrien beharra azaleratu dute, hala nola, jai batzordeen jarduera gauzatzeko lokalak edo eraso matxisten aurkako protokolo eta bitartekoak”, azaldu du udal taldeak.
Aipaturiko bi proposamenak Donostia Kulturak bere kontseiluaren baitan aztertuko dituela adierazi du EH Bilduk. “Auzotarrak eta auzoak, beren festekin, politika publikoetatik lagundu, babestu eta indartu egin behar ditugu”, aldarrikatu dute.


