Eragileak haserre Kolonen barkua Donostiara ekartzeagatik: «Ez dugu kolonialismoa zuritzen edo makilatzen duen barkurik nahi»
'Nao Santa Maria' itsasontzia aurkeztu dute Donostiako kaian, hainbat agintari militar eta polizial espainiarrekin.Beñat Parra Ez da oharkabean igaro Donostian egunotan den Nao Santa Maria barkuaren erreplika. Kristobal Koloni “gorazarrea” egin izana salatu dute hainbat eragilek eta protestara deitu dute.
Gora Donostia Dekoloniala taldeak, hain zuzen, protesta antoalatu du barkuaren aurrean. “Urriaren 12ko ‘ospakizunen’ baitan, Donostiara ekartzea probokaziotzat jotzen dugu”, adierazi dute. “Israelgo Gobernua, Palestinar Herriaren aurka burutzen ari den Genozidioaren aurrean, Euskal Gizartea irmoki salatzen ari den testuinguru honetan, beste genozidio baten gorazarrea ematen ari da egunotan gure hirian”.
Horregatik, urriaren 12an, 13:00etan protesta egingo dute barkuaren aurrean: “Argazki anitza eta koloretsua aterako dugu, eta zapaldutako Herriek zutik diraugula argi utziko diegu. Zatoz, zure familia eta lagunak gonbidatu, eta ez ahaztu zure bandera eta zure aldarrikapenezko kartela ekartzen”.
Askeren kritika
Aske antolakundearentzat, honakoa, “Hispanitatearen Egunarekin bat egiteko maniobra politikoa” da: “Logika horretan, barkuaren inaugurazioan, ez ziren falta Kolonek bezala herri zapalduen kontra torturak, atxiloketak eta sarraskiak burututako Guardia Zibilak zein militarrak”.
Askerentzat, “asimilazio nazionalean sakondu, eta zapalkuntza nazionala zein soziala armen eta terrorearen bitartez aurrera daramaten indar errepresiboak zuritzeko zein goraipatzeko baliatzen duten eguna dugu urriaren 12a”. Era berean, Espainiako Estatuaren “kontakizuna inposatzeko” helburua duela uste du antolakundeak.
“Ez dugu kolonialismoa zuritzen edo makilatzen duen barkurik nahi. Ez dugu espainiar estatuaren errelatoa inposatzen duen barkurik nahi”, adierazi dute. Honela, Askek, urriaren 12an manifestazioa antolatu du Gasteizen 17:00etan. Jende asko aurreikusten da egun horretan, izan ere, Falange Española erakunde faxistak ere mobilizazioa antolatu du.


