Ibaeta Basket bigarren garaipenaren bila joango da Valentziara
Azu Muguruzak zuzenduriko taldeak etzi jokatuko du etxetik kanpo, eta arerio zail bati irabazten ahaleginduko dira.
Ibaeta Basketeko jokalariak denboraldiko lehen garaipena ospatzen, Gaska kiroldegian.Ibaeta Basket Hasi orduko lehen garaipena lortzea garrantzitsua izan ohi da. Ibaeta Basketi kosta zitzaion Kanaria Handia mendean hartzea lehen jardunaldian, baina Gaskara hurbildu ziren zaleekin lortu zuten. Bigarren erronka, berriz, gogorragoa izango da. Valentzia izango dute aurrez aurre, azken urteotan oso gutxitan gainditu duten taldea. Etzi jokatuko dute haien pistan, 12:15ean. Bestalde, Gipuzkoa Basketek porroten katea haustea izango du helburu gaur, Illunben (20:30). Obradoiro galiziarren bisita izango dute, aurkari zaila, baina ez gaindiezina.
Futbolean, Realeko neskek sasoiko lehen porrota ahazteko aukera polita izango dute bihar, Granadaren zelaian (12:00). Denboraldi hasiera paregabea egin ondoren, Teneriferen kontra Zubietan galdutako neurketak zalantza batzuk sortu zituen, baina istripu gisa ere har daiteke. Asteburuko arerioa ondo ezagutzen du Arturo Ruiz entrenatzailea, bere talde ohia delako, eta baita Edna aurrelariarena ere. Handik hiru puntuak ekartzea aparta litzateke txuri-urdinentzat.
Belar hockeyan, Realak erregulartasunaren bidea zehazteko norgehiagoka izango du etzi, Zubietan (12:00). Sanse Complutenseren bisita izango dute, sailkapenean aurretik duten taldea. Etxeko sentsazio onak berreskuratzen badituzte, garaipena gertu izango dute.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilak lehiara itzuliko dira, orain arteko mailari jarraipena emateko. Izan ere, bi partida irabazi eta bakarra galdu dute. Laugarrena, berriz, bihar jokatuko dute Anoetako izotz pistan, eta Bartzelona izango dute aurrean (21:00). Kataluniarrek baina hiru puntu gehiago dituzte donostiarrek, eta, berez, talde hobea dute. Bestalde, Txuri Urdineko neskek Majadahondaren kontrako porrot bikoitza atzean uzteko norgehiagoka izango dute bihar, Madrilen (21:30). Valdemororen kontra ariko dira, punturik batu ez duen taldea.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Valentzia – Ibaeta Basket (etzi, igandea, 12:15)
Gizonezkoen bigarren maila, 3. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Obradoiro (gaur, ostirala, 20:30)
Futbola
Emakumezkoen liga, 7. jardunaldia
- Granada – Reala (bihar, larunbata, 12:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Reala – Sanse Complutense (etzi, igandea, 12:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Txuri Urdin – Bartzelona (bihar, larunbata, 21:00)
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Valdemoro – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 21:30)


