Super Xaguk festa danbor hotsa ekarri du Amara Berrira
Auzoetako azken festak abian dira. Hilabete batzuez agurtuko dira hiriko txokoak alaitzen dituzten egunak, baina amaieraren aurretik falta denaz gozatzeko ordua da. Asmo horrekin gogotsu ibili dira Amara Berrin ostiral arratsaldean. Hamelingo txirulariaren pare, Super Xaguk festazaleak erakarri ditu auzora eta jarduera ugari ekarri ditu berarekin. Egitarauko lehenak burututa zeuden txupinazoaren ordua heldu denerako eta haur ugari gustura zebiltzan barraketan. Bien bitartean, txosnagunean danborrak, barrilak eta gazta zati baten marrazkia duten kamisetak banatzen ari ziren.
Oleta plazan dago festen erdigunea, baina ingurura ere zabaltzen dira jarduerak. Hala, Katalin Erauso eta Amara Berriko haurrek aste hasieran Gaskaren atzeko aldean margotutako murala inauguratu dute. Palestinara begira jarrita, Gure haurrak ere badira leloa aukeratu dute aurten, eta genozidioa pairatzen ari den herria jai gunean eta pregoian presente egon da ere. Jai batzordeko bi kidek, Super Xagu alboan zutela, irakurri dituzte festen atariko hitzak. Plazak eta kaleak berriz ere “kolorez, musikaz eta pozez” betetzeko prest daude. “Amara Berri bizik dago eta gaur oholtza honetatik gure auzoaren bihotza taupaka entzuten da berriro”. Aurrean, auzokideak eta danborradako partaideak zituzten, zenbait adierazpen makilak astinduz txalotu dituztenak. Esaterako hau: “Ezin gara isilik geratu ikusten ari garen sarraskiaren aurrean. Palestinako herriaren alde gaude eta irmoki salatzen dugu Israelgo estatu sionista egiten ari den genozidioa. Herria ez da isiliduko eta gure auzotik argi oihukatzen dugu: Palestina askatu arte ez gara geldituko”.
Lehen burrunbak besterik ez dira izan. Suziria lehertu eta jarraian hasi baitute danborrada. Lekuan bertan jo (eta dantzatu) dituzte lehen piezak, eta ondoren, Armeria plazarantz hartu dute. Askok berretsi dute bi eskuak ez direla beharrezkoak danborra jotzeko, edo ez behintzat, norberaren biak erabiltzea. Izan ere, edalontzia eskuetan zeramaten askok, eta zenbaitek, albokoarekin elkarlanean jo ditu martxak. Edonola, halakoak, onartuta daude jaietan.
Ibilbideko geldialdietan auzotar ugari gerturatu da danborrada entzun eta ikustera. Poza agerikoa zen txikienen artean, bereziki. Haietako batzuek beren danborra soinean zeramaten, baina halakorik ez zutenetako batzuei beraiena jotzen utzi diete helduek.
