Testigua pasatzeko ordua dela erabaki dute
Jon Insaustik hartuko du Eneko Goiaren lekua alkatetzan. Hilaren 16ko politika orokorreko osoko bilkuran izango da erreleboa. Udal taldeko hutsunea, berriz, Idoia Graciak beteko du.
Eneko Goia eta Jon Insausti erlojuei begira, udaletxean egindako iragarpenaren egunean.Beñat Parra Legealdi erdian alkatetza uztea erabaki du Eneko Goia alkateak. Ezustekoa izan da, gutxik espero zutena, eta nahiko esanguratsua. Izan ere, demokrazia garaiko Donostiako lehen alkatea da lau urteko legealdi bat bukatuko ez duena. Horrela, hamar urteko ibilbidea itxiko du Goiak, eta hori hilaren 16an izango da, politika orokorreko udalbatzarrean. Orduan pasatuko dio testigua Jon Insaustiri, EAJko Gipuzko Buru Batzarrak izendaturiko ordezkoari. Ordea, Nekane Arzallus jarriko dute behin-behineko alkate, eta ezohiko osoko bilkura bat zehaztu beharko dute Insaustik har dezan hiriko aginte makila.
Ez da jeltzaleen udal taldeko mugimendu bakarra izango. Goiak zinegotzi akta utziko du aipaturiko egunean, eta haren hutsunea Idoia Graciak beteko duela baieztatu dio hedabide honi Donostiako EAJk. Dena dela, hilabete bukaeran banatuko dituzte Insaustik egun betetzen dituen ardurak. Une honetan, Euskara, Kultura eta Turismo zinegotzia da, eta jeltzaleen udal taldeko bozeramailea.
Zikloaren amaiera
Urriaren 2an iragarri zuen agurra Goiak, udaletxeko udal batzar aretoan egindako ekitaldi batean. Udal taldeko kideak izan zituen alboan alkatetza uzteko arrazoiak azaltzerakoan. Nabarmendu zuenez, beti izan zuen buruan haren alkatetza hamar urteko zikloa izatea, eta uzteko «une egokia» dela gaineratu zuen. Bestalde, «lasai» doala adierazi zuen, «alderdian harrobia» dagoelako eta «talde on bat gobernuan, programa on batekin»; baita ere bideratuta utzi dituelako Donostiako Metroa, AHTaren geltokia eta Loiolako kuartelen operazioa. Zikloek «hasiera eta amaiera bat dutela argi izatea garrantzitsua» dela esan zuen: «Arriskutsua da inertzietan erortzea, eta hiri proiektuak dira garrantzitsuenak».
Goia 2015etik da Donostiako alkate, eta 2023ko udal hauteskundeetan irabazi zuen azkenekoz. Zehazki, lau aldiz izan da Donostiako alkategaia, EAJ alderdiarekin, eta pasa den asteko agerraldian aitortu zuen ez zuela bere burua bosgarren aldiz hautagai gisa ikusten. 2011n ez zuen alkatetza eskuratu, orduan Bilduko Juan Karlos Izagirre izendatu baitzuten alkate. Aldiz, 2015eko, 2019ko eta 2023ko udal hauteskundeak irabazi zituen alderdi jeltzaleak Goia buru zuela, eta, beraz, hamar urte daramatza alkatetzan. 2023koetan, ordea, 10.000 boto inguru galdu zituen Goiaren alderdiak Donostian, eta EH Bilduri 1.000 boto eskas aterata irabazi zuen. Hamar urteotan, PSE-EErekin batera osatu du Goiaren alderdi jeltzaleak udal gobernua.
Erreleboa
Alkatetza uzteko albistea eman zuen egun berean, Goiak «errelebo ordenatu» baten beharra nabarmendu zuen. Ordurako, hainbat hedabidek aurreratu zuten Jon Insaustik hartuko zuela haren tokia, baina ordezkoa hautatzeko ardura EAJko Gipuzko Buru Batzarrarena zela ohartarazi zuten jeltzaleen iturriek. Esan eta izan. Biharamunean, urriaren 3an, Zuloaga plazan ekitaldi bat egin zuen GBBk Goiaren lekua Insaustik hartuko zuela baieztatzeko.
Maria Eugenia Arrizabalaga GBBko presidentea arduratu zen ordezkoa aurkezteaz. Ekitaldia egiteko lekua apropos aukeratu zutela esan zuen, Insausti Parte Zaharrean hazitakoa delako. Egun, ordea, Altzan bizi da. Goiak ez zuen hitz egin, baina Arrizabalagak hitz batzuk eskaini zizkion «lan handia eta ona» egin duela aitortuz: «EH Bilduren paralisi eta zatiketa garaia amaitu zuen, eta asmatu egin du, oro har, bere agintaldietan, eta orain bereziki, ziklo bat amaitu ostean, erreleboari beldurrik ez diolako».
Jon Insausti (Parte Zaharra, 1989) alkate berria ez ezik, 2027ko udal hauteskundeetarako EAJren Donostiako alkategaia ere izango da. Zuloagako ekitaldian adierazi zuenez, «hiriaren historia idazten jarraitzeko indarrez eta kemenez» dago. Horrekin batera, «belaunaldi berria» ordezkatzen duela esan zuen. Dena dela, ez da hiriak izan duen alkate gazteena izango, Odon Elorza (Gros, 1955) izan zelako, 36 urterekin. Adin bera du Insaustik, baina hilabete gehiagorekin hartuko du kargua. Hori bai, Donostiako alkate jeltzale gazteena izango da.
Esperientzia
Parte Zaharreko Orixe ikastolan eta Loiolako La Salle ikastolan ikasi zuen. Ondoren, EHUko Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatu zen, eta hiru master egin zituen. Tartean, irakasle izatekoa. Lan munduari dagokionez, Banco Guipuzcoano eta Nekatur enpresetan aritu da.
20 urte zituela, 2009an, EAJ alderdian afiliatu zen eta EGIn hasi zen militatzen. 2015ean eman zuen jauzia politikagintzara, Eneko Goiaren bitartez. Urte hartako Donostiako udal hauteskundeetara aurkeztu zen EAJren zerrendan. Hauteskundeak irabazi eta zinegotzi izendatu zuten, eta ordutik dihardu udalean. 2018an, Miren Azkarateren lekua hartu zuen Euskara eta Kultura zinegotzi gisa. Aldiz, 2023tik da udaleko Euskara, Kultura eta Turismo zinegotzia.
Guztira, Insaustik hiru legealdi daramatza zinegotzi gisa, eta beste jauzi handiago baten atarian dago. Bi urteko maratoia du aurretik, Goiak utzitako legatua mantentzeko eta hobetzeko.



