Auditz Akularreko hirigintza proiektuak «etxebizitzaren arazoari» erantzuten diola uste du Insaustik
Auditz Akular hiriko gerriko berdearen parte da, baina egungo HAPOan 3.000 etxe inguru daude aurreikusita han. Donostiako Udala Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan, Jon Insausti alkateak berretsi du etxebizitza dela bere agintaldiko lehentasuna. Horren harira, Auditz Akularreko hirigintza proiektuaren eta Altzako bizilagunek adierazitako kezken inguruan galdegin dio hedabide honek.
Insaustik adierazi du “zalantza, kezka eta kexa” horien jakitun dela, baina kaletik azken bi asteotan aipatu izan dioten kezka etxebizitzarena dela nabarmendu du: “Asko izan dira, eta gehienak nire amaren tankerako emakumeak edo gurasoak. Adierazi didate nire adineko seme bat dutela, kanpoan bizi dela eta Donostian bizi nahiko lukeela. Uste dut Auditz Akularren etxeak egiteko erabakiak horri erantzuten diola. Horretan sinesten dut”.
Horrekin batera, Insaustik berretsi du erakundeen arteko “elkarlana” dela etxebizitzaren arazoari aurre egiteko bidea. “Gaur berresten dut, hiri honek Eusko Jaurlaritzari mahai gainean jarriko dizkio etxebizitza eraikitzeko dauzkagun partzela guztiak. Niri elkarlana lortzea gustatuko litzaidake, eta Jaurlaritzaren interesa piztu du. Beraz, pozten nau. Elkarlanean aritzea gustatuko litzaidake, diskretuki eta bulegoko lana eginez. Uste dut Auditz Akularrek baduela horretatik asko”.
