Fermin Leizaola: ikerketari, ondareari eta transmisioari emandako bizitza bat
Aurten zendutako Fermin Leizaola etnologo donostiarrari omenaldi hunkigarria egin zioten astelehenean San Telmo museoan. Bere ibilbidea errepasatu, aitortu eta goraipatu zuten; ez da gutxiagorako, Leizaolak Euskal Herriko ondareari egindako ekarpena ordainezina baita.
San Telmo museoko eliza bete egin zen, Fermin Leizaola omentzeko.Beñat Parra Ekainean zendu zen Fermin Leizaola Calvo etnografo donostiarra (1943-2025), 81 urterekin. Ostegunean beteko lituzke 82 urte Leizaolak, hain zuzen ere, bihar hasiko diren 45. Etnografia Jardunaldien erdian. Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko buru zen heinean, Leizaolak antolatzen zituen urtero jardunaldi horiek Donostiako San Telmo museoan, eta omenaldian azaldu zutenez, 45. jardunaldi hauek ere antolatuta utzi zituen. Horrela, iragarpen batekin hasi zen omenaldia, museoko zuzendari Susana Sotoren eskutik: “Fermin Leizaolaren izena izango dute aurrerantzean Etnografia Jardunaldiek”.
Harreman estua izan zuen Leizaolak bere bizitza guztian zehar Aranzadi elkartearekin eta San Telmo museoarekin: “Ematen du edozein momentutan atetik sartuko dela”, esan zuen Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak. “Ferminek menditik paseatzen zuen, artzainekin hitz egiten zuen, ardiekin, txakurrekin… eta bere aurkikuntza guztien berri ematen zigun”, gaineratu zuen. Izan ere, etnografoa zen ogibidez eta bokazioz, eta Euskal Herriko mendi, bailara eta baserri bakoitzeko tradizioak, ohiturak eta, batez ere, bizimoduak dokumentatzen eman zituen 60 bat urte. “Beti gauzaz beteriko bere txaketarekin, argazki kamera lepotik zintzilik eta txapela buruan”, senide eta gertukoek maitasunez gogoratu zutenez. Hain zuzen ere, Aranzadik eta San Telmok Leizaolak berak egindako argazkiekin osatutako egutegi ederra ondu dute eta ekitaldian banatu zuten.
Nagusiki, artzaintza izan zuen hizpide bere ibilbidean Leizaolak eta kaikua zen bere tresna kutuna: “Bakarra da Euskal Herrian eta Eurasian” nabarmendu zuen Leizaolak berak San Telmo museo berritua inauguratzera zihoazenerako grabatutako eta atzoko omenaldian proiektatutako bideo batean, non ardi artzainen lan tradizionala zein garaikidea azaltzen zuen etnologoak. Hain zuzen ere, Aitzpea Leizaola antropologo eta IRUTXULOKO HITZAko kolaboratzaileak proposamena luzatu zion Sotori: “Aitak erakusketa asko egin zituen San Telmon, baina ezin izan zuen inoiz artzaintzari buruzko erakusketa zehatz bat egin; hori izango litzateke omenaldi onena”.
Leizaolaren figuraz eta izaeraz ere luze eta zabal mintzatu ziren omenaldian: “Ferminez hitz egitea zorroztasunaz eta jakin-minaz hitz egitea da. Jarrai dezagun gure kultura zaintzen, ikertzen eta balioan jartzen, Ferminek erakutsi zigun moduan”, esan zuen Sotok, nabarmen hunkituta. Jon Insausti Donostiako alkateak ere Leizaolaren “legatua” goraipatu zuen: “Eskerrik asko zuen aita, senarra, aitona, anaia… gurekin partekatzeagatik”, esan zien senideei. “Ziur orain ere mendian dabilela gora eta behera, ardiak zaintzen eta kilometroak egiten”, gaineratu zuen.
Interpretatzeko, egon behar da
Maite Errartek eta Suberri Matelok hartu diote lekukoa Leizaolari Aranzadiko Etnografia Sailean, eta, noski, beraiek ere hitza hartu zuten ekitaldian. Leizaolarekin ikasitako guztia zerrendatzea ezinezkoa dela aitortuta, bere legatuan jarri zuten fokua: “Aranzadiz hitz egitea Ferminez hitz egitea da”. Bere filosofia zein zen ere argi azaldu zuten, bide orri hori jarraitu nahi dutelako beraiek ere: “Asko errepikatzen zuen esaldi bat zen nekez ikertu eta interpretatu daitekeela zerbait, hori bera bizi gabe, bertan egon gabe”. “Ezinezkoa izango zaigu kaiku, zumitz edo ardien lepoko bakoitzarekin Ferminez ez gogoratzea”, gaineratu zuten, emozioz.
Era berean, azaldu zuten Leizaolak “estimu handia” ziela tokiko historia eta ondarea biltzen eta ikertzen diharduten hainbat elkarteri, tartean Altzako Historia Mintegiari: “Ferminek ulertzen zuen ondarea horrela eraikitzen dela, tokikotik”. Izan ere, ez ahaztu tokikotik mundu osoa kontatu daitekeela.
“Gora bihotzak!”
Leizaolaren senideak izan ziren hitza hartzen azkenak: Miren Egaña etnografo eta Leizaolaren alarguna, Aitzpea Leiozaola antropologo eta alaba eta Uxue Leizaola etnologo eta alaba. “Langile nekaezin” gisa definitu zuen Egañak, baita nabarmendu ere transmisioa oso garrantzitsua izan zela beti berarentzat: “Familia guztia murgildu nahi izan zuen etnografian, eta Europako etnografia museo guztiak bisitatu genituen”. “Beti zegoen zerbait irakasteko eta laguntzeko prest”, gehitu zuen.
Alabek ere aitaren gertutasuna eta bere figura errepikaezina izan zuten hizpide, nabarmen hunkituta: “Wikipedia existitzen ez zen garaian, etengabeak ziren Euskal Herriko hamaika txokotatik etxean jasotzen genituen deiak, aitari kontsultak egiteko deitzen baitzuen jende askok eta askok”, gogoratu zuen Aitzpea Leizaolak. Era berean, gogorarazi zuen herrietako eta mendietako ondarea ez ezik, Donostiakoa ere biltzeko proiektu bat eduki zuela esku artean, baina ez zuela babes nahikoa lortu eta ez zela aurrera atera.
“Aita ezaguterraza zen mendira zihoanean, baina Donostiatik paseatzea ere oso gustuko zuen”, gogoratu zuen Uxue Leizaolak, baita nabarmendu ere “jakin-mina transmititu” ziela: “Erakutsi zigun mundua beste begi batzuekin begiratzen”. Esan ohi da jakituriak ez duela lekurik okupatzen, baina Uxue Leizaolak ironikoki azaldu zuen aitaren kasuan kontrakoa zela: “Horren erakusgarri dira egun Gordailuan dauden 4.000 pieza etnografiko baino gehiago“. Leizaolak “asko errepikatzen” zuen beste esaldi batekin amaitu zuen hitzartzea alabak: “Gora bihotzak!”. Ondorengoei dagokie orain, Leizaolaren legatuari jarraipena eman eta ikerketari eta transmisioari bide ematen jarraitzea.



