Jardunaldiak Igeldon, energia komunitatea martxan jartzeko bultzada izan daitezen
Euskal Herrian asko dira energia berriztagarrien inguruan sortzen ari diren esperientzia komunitarioak. Harrabots handiegirik gabe, eta, normalean, gainera, erakundeen aldetik laguntza gehiegirik gabe, ari dira eguzki plakak eta bestelako instalazioak instalatzen, energia burujabetzan urratsak eman asmoz.
Añorgan egin nola, Igeldon ere ari dira urratsak ematen. Joan den apirilean jarri zituzten, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako azken epea baino hiru egun lehenago, Igeldoko lehen proiektu fotovoltaikoaren lau instalazioak.
Aristondo Nekazal Turismoaren, IKO kooperatibaren eta Lauspeltz eta Kamio etxeen teilatuetan jarri zituzten plakok apirilean. Oraindik, ordea, hainbat dira gainditu beharreko trabak, eta ez daude behar bezala martxan.
Jardunaldiak
Larunbatean, Igeldoko Komunitate Energetikoak jardunaldiak antolatu ditu inguruko esperientziak ezagutzeko. Udalbiltzarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin batera antolatu dituzte jardunaldiok, 10:00etan hasita, 14:00ak arte.
Bertan izango dira Lasarte-Oria eta Leitzako esperientziak azaltzeko Patxi Vequerizo, Lasarte-Oriako TEK-eko lehendakaria eta Leitzako Itziar Martinez EBK-ko lehendakaria.
Udalbiltzako lehendakari eta Getariako alkatea den Haritz Alberdik, Udalbiltzaren Ehnergia proiektua azalduko du.
Ostean, 11:30ean, Orexako, Otxandioko eta Usurbilgo udaletako zinegotzi eta alkateak eta bertako energia komunitateetako ordezkariek euren esperientziak azalduko dituzte.


