«Hemen ikasi nuen futbolean jokatzen, eta horri esker naiz naizena»
Txiki-txikitatik baloia baino ez zuen buruan, eta futbolari gisa ibilbide polita egin zuen Larraitz Lucasek (Gros, 1982). Erretiratu ondoren, futbolari lotuta jarraitu du. Realaren partidak komentatzen ditu irratian, eta, telebistan, emakumezkoen euskal taldeen partidetan aritzen da iritzia ematen.
Larraitz Lucas, Añorgako Jolas Etxearen aurrean.Inaxio Esnaola Zergatik aukeratu duzu Añorgako Jolas Etxea?
Añorgan horrenbeste urtez futbolean aritu ondoren, jende asko ezagutu nuen eta asko ikasi nuen. Batez ere, bizitza zer den. Orain, nire bi alabak futbolean aritzen dira, eta hemen ondoan entrenatzen dute. Ordu asko pasatzen ditut taberna honetan eta Añorgan.
Hain zuzen ere, horren ondo ezagutzen duzun futbol zelaia tabernatik oso gertu dago.
Bizitzak buelta asko ematen ditu. Hemen ikasi nuen futbolean jokatzen, eta horri esker naiz naizena. Esan moduan, orain, nire alabekin etortzen naiz hona, biak Añorgako futbol taldearekin aritzen direlako.
Eta zu noiz hasi zinen Añorgan futbolean jokatzen?
16 urterekin. Aurretik, bi urtez aritu nintzen Intxaurrondon, orduan han bizi nintzelako amarekin. Matigoxotegi futbol zelaian jokatzen genuen. Han izan nuen lehen aukera, 14 urte bete arte emakumeok futbolean aritzeko beste aukerarik ez genuelako. Ondoren, Añorgaren deia jaso nuen eta Intxaurrondoko beste lau lagunekin etorri nintzen. 21 urte bete arte aritu nintzen hemen jokatzen, Realak fitxatu ninduen arte.
Añorga harrobi bat baino gehiago dela esan daiteke?
Bai. Añorga Kultur eta Kirol Elkartea da hau, AKKE, eta kirol diziplina ugari dituzte, kultura eta beste jarduerak sustatzearekin batera. Futbolari dagokionez, gaztetan eta brometan, Añorga kaka es esaten ziguten Leioakoek, gure siglei erreferentzia eginez. Orain Athletic dena, orduan Leioa zen, eta harreman asko genuen haiekin. Bi taldeen artekoa izaten zen euskal derbia, gaur egun Realak eta Athleticek elkarren aurka jokatzen dutena.
Realarekin egindako ibilbideari esker zara ezagunagoa. Hainbat urtetan, txuri-urdinen kapitaina eta jokalari garrantzitsua izan zinen. Zure garaian zena eta gaur egun dena ikusita, zer esan zenezake?
Gizartearen antzera, emakumezkoen taldeak aldaketa nabarmena izan du. Futbolaz bizi nahi badute, zorionekoak haiek, baina esentzia eta presentzia galdu du emakumezkoen taldeak. Reala sortu zenean, gu oso gertukoak ginen. Orain, ordea, jokalariak ez dira horren gertukoak. Batekin hitz egiteko, bitartekari ugari pasatu behar dituzu. Txikiek haiei eskua emateko edo argazki bat ateratzeko ere, badirudi baimen berezi bat behar duzula. Galera horrek kezkatzen nau, baina ez soilik futbolean, oro har, gizartean gertatzen delako. Gertukoa eta ona zuena galtzen ari da. Aldiz, futbolaren maila hobetzea irabazten ari da.
Realak urteak daramatza emakumezkoen futbola sustatzen. Zu jokalari zinenetik egunera arte, baldintzak asko hobetu dira?
Bai, agerikoa da. Kluba betidanik izan da zentzuduna. Gu jokalariak ginenean, ahal zuten guztia egiten saiatzen ziren, eta gaur egun, ahal duten guztia egiten saiatzen ari dira. Fitxaketa onak egiten dabiltza, emakumezkoen egitura indartzen, eraikin propioa eraiki dute, aldagela propioak dituzte… agerikoak dira aurrerapausoak. Orain, lehen taldea egonkortzea falta da, denboraldien joan-etorria gorabeheratsua izaten delako. Helburuekin ez dute burua galdu behar, aurten, Txapeldunen Ligara sailkatu zaitezkeelako, baina datorren sasoian, ez.
Ikaragarria izan zen Realak kopa hura irabazi izana, eta futbolean izan dudan oroitzapenik onena da
2012an utzi zenuen futbola, eta irakaskuntzan murgildu zinen. Zerk bultzatu zintuen erabakia hartzera?
Arrazoia oso sinplea da. Realarekin nuen kontratua bukatzear zen, eta klubarekin elkartu nintzen. Mahai gainean bi egoera jarri nituen. Dagoeneko irakaslea nintzen eta nire emaztea haurdun zegoen. Abenduan jaiotzekoa zen, orain 13 urte bete dituen alaba. Garai hartan, futbola, lana eta familia uztartzea ezinezkoa zirudien. Gainera, niri gustatzen zait familiarekin egotea, eta ez familia izatea. Beraz, abendura arte jarraitzeko prest agertu nintzen, jakin gabe ordutik aurrera nola moldatuko ote nintzen. Realean soldata txikia genuen, eta horrekin ezin genuen bizi. Irakasle gisa, ordea, bai. Realarekin bilera izan ondoren, emaztearekin autoan etxera nindoala, futbola uztea erabaki nuen. Alabek oraindik ez dute ulertzen zergatik ez nuen jarraitu, baina ez zegoen beste aukerarik.
Dena dela, zure azken partida ez zenuen Realarekin jokatu, euskal selekzioarekin baizik, ezta?
Horrela da, bai. Euskal Herriko selekzioarekin jokatu nuen lehen eta azken partida izan zen, 2012ko ekainean. Gainera, Anoetan izan zen, eta oker ez banago, Eslovakiaren aurka [1-0 irabazi zuen euskal selekzioak].
Futbola utzi eta zazpi urtera, Realeko neskek lehen titulua irabazi zuten: Espainiako Kopa. Nola bizi izan zenuen?
Ikaragarria izan zen Realak kopa hura irabazi izana, eta futbolean izan dudan oroitzapenik onena da. Komentarista gisa joan behar nuen Granadako finalera, Naxari Altuna EITBko kazetariarekin batera. Ordea, TVEk ematea erabaki zuen. Aukera hori zapuztu zenean, Realak emakumezkoen taldearen hasieran egon ginen hemeretzi jokalariak gonbidatu zituen Granadara, eta hara joan ginen orduko jokalariekin batera. Esperientzia ahaztezina izan zen, barrutik bizi ahal izan genuelako.
Aipatu duzun moduan, futbol komentarista gisa denbora daramazu. Bai telebistan, baita irratian ere. Gustura zabiltza?
Oso gustura, egia esan. Radio Euskadin Realaren partiden komentarista moduan aritzen naiz. Telebistan, ordea, ETB1ek eskaintzen dituen emakumezkoen euskal taldeen neurketak komentatzen ditut. Futbolari ohi gisa ematen dut iritzia bietan, baina ez da gauza bera. Irratian txuri-urdina naiz, baina telebistan euskal talde guztiei buruz aritzen naiz.
Realeko lehen bi taldeak bolada onean dira. Horrela, errazagoa da Realari buruz hitz egitea?
Ez pentsa. Orokorrean, Reala barrutik sentitzen dugunok badakigu mutilen taldea duela urte batzuk non zegoen. Orduan, une gozoak gozatu behar dira, eta txarrak eramaten jakin. Nesken taldearekin berdin, orain momentu oso onean daudelako, eta hori pozgarria da, noski.
Gaurkotasunarekin lotura du, berriz ere, Luis Rubiales aferak. Zuk ere sinatu zenuen beste 80 jokalarirekin batera, orduko presidentea kargugabetzeko eskaera.
Lotsagarria iruditzen zait gertatu zena. Oraingo ikuspegiarekin, ordea, gauza asko azkarregi egin genituela uste dut. Espainiako Selekzioan ibilitako hainbatek sinatu genuen adierazpen hura, oraingo selekzioko jokalariekin batera. Rubialesen jokabidea salatzearekin batera, federazioaren jarrera kritikatu genuen. Emakumezkoen futbola egoera oso prekarioan egon da urtetan, eta gauzak hobetu dira, batez ere, Alexia Putellasek Urrezko Baloia irabazi zuelako. Hari esker egin du hobera estatuan emakumezkoen futbolak.



