LQNTCDD talde erreakzionarioak elkarretaratzea egin zuen joan den astean Alderdi Ederren
Joan den ostegunean, ehundik gora lagun kaleratu zituzten Agustindarren eskola zaharretik, Martutenen, eta hori saltzeko manifestazioa egiten ari ziren bitartean, elkarretaratzea egin zuten LQNTCDD kanal erreakzionarioak deituta, Alderdi Ederren.
Elkarretaratzean 30 bat lagun izan ziren, udaletxe aurrean, Inpunitaterik ez. Delitua ez da negoziatzen, zigortu egiten da lelopean. Taldeak sareetan zabaldutako mezuen arabera, “segurtasun” faltaren eta “delinkuentziaren” aurkako aldarrikapenak egin zituzten, eta, aldi berean, jatorri atzerritarreko pertsonak jopuntuan jarri zituzten.
LQNTCDD
Iaz egin zen ezaguna talde erreakzionario hau hirian, segurtasunaren inguruko eztabaida puri-purian zegoenean. Honela, taldeak Kaleko Afari Solidarioen kontrako elkarretaratzea antolatu zuen, liskarrak sortuz. Alderdi Popularreko hiru zinegotziek ere parte hartu zuten bertan. Elkarretaratze honek sortu zuen oihartzunaren biharamunean, Donostiako Udalak erabaki zuen Egiako afari solidarioak debekatzea.
Honen ostean, “astero” bilduko zirela esan zuen taldeak, baina mobilizazioak ez ziren arrakastatsuak izan. Izan ere, mobilizazio bakoitzari aurre egingo zion mugimendu bat antolatu zuen Donostia Antifaxista plataformak, ehunka lagun bilduz. Joan den urtean, hedabide honek jarraipen sakona egin zion gaiari, hainbat erreportajeren bidez.



