Medikuentzako estatutu marko propioa eskatzeko elkarretaratu dira
Euskadiko Sendagileen Sindikatuak lau eguneko grebarekin bat egin du, eta, gaur, Donostian egin dute bigarren eguneko protesta.
Medikuen protesta, ospitalearen aurrean.Inaxio Esnaola Atzotik greban daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako medikuak, berriz ere, estatutu marko propioa eskatzeko. Zehazki, hilaren 9tik 12ra bitarte egingo dituzte lanuzteak, gutxieneko zerbitzuak bermatzearekin batera. Euskadiko Sendagileen Sindikatuak bat egin du Espainiar Estatuko medikuen sindikatuen greba deialdiarekin, eta hainbat mobilizazio antolatu dituzte.
Bilbon manifestazio jendetsua egin zuten atzo, eta, gaur, Donostiako ospitalearen aurrean elkarretaratu dira, 12:00etatik aurrera. Mediku eta medikuntza alorreko profesional askok bat egin dute mobilizazioarekin. Estatutu bat medikuentzat eta Zu paziente, batu zaitez gisako leloekin, haien lan hitzarmena berritzeko eta hobetzeko aldarrikapenak plazaratu dituzte.
Gogoratu behar da urriaren 3an ere greba egin zutela EAEko medikuek, eta elkarretaratze jendetsuak egin zituzten Amara Berriko anbulatorioaren eta Donostiako ospitalearen aurrean. Orduko eskaerak berretsi dituzte gaur eguerdiko elkarretaratzean.
Hauek dira aldarrikapen nagusiak:
- A+: Sailkapenaren goreneko talderako sarbidea medikuentzat eta goi mailako tituludunentzat gorde behar da, bakoitzaren eginkizunaren eta bere jardun eremuan eskatzen den erantzukizunaren arabera.
- Derrigorrezko Lanaldi Osagarria pixkanaka kentzea: Lanaldi arruntetik (35 ordu) kanpo lan egindako denbora orok borondatezkoa eta sustatua izan behar du, ordainsari egokiarekin eta bidezko konpentsazio-atsedenekin. Horretarako, datozen hiru urteetan pixkanaka ezabatzea proposatzen dugu.
- Guardiak: Lanaldi arruntaren eta apartekoaren batura ezin izango da hamazazpi ordutik gorakoa izan, etenik gabe. Lokalizatutakoak lan egindako denboratzat hartu behar dira ondorio guztietarako (atsedenaldiak, konpentsazioak…).
- Txandaka lan egiten duten medikuen nekagarritasuna, osasunerako arriskua eta uztartzeko zailtasuna (gauekoak, jaiegunak) aintzat hartzea.
- Gure lanbidearen arriskua kontuan hartzea, Gizarte Segurantzako araubide berezi batean sartzeko.
- Ordezkaritza: Negoziazio-eremu propioa Estatuko instantziatik autonomikora, gure berezitasuna dela eta, Medikuen eta Fakultatiboen Mahai Sektorial bat eratuz, berari dagozkion gaietan Negoziazio Mahai Orokorretik independentea.
- Enplegu publikoaren eskaintzak (EPE): Oro har, merezimendu lehiaketa bidez egingo dira.
- Erretiroa: Aldez aurretik eskuratzeko aukera, erosahalmen galdu gabe, arrisku jarduerak aitortuta eta aparteko lanaldiaren %100 zenbatuta.
- Aparteko ordainsariak: Hileko soldata ez ezik, hirurtekoak eta osagarri guztiak ere jaso behar dituzte.
- Irakaskuntzako osagarria, BAMEak prestatzeaz arduratzen diren fakultatiboentzat.
- Lanbide garapena: Jarduera profesional osoa aintzatestea, BAME prestakuntzako urteak barne.
- BAME guardiak: Egoiliarraren borondatezko akordiorik ezean, ezingo dira hilean lau baino gehiago izan, eta horietako bat baino ezin da izan larunbata, igandea edo jaieguna. Ordu arruntaren ordainsariaren %150 jasoko du gutxienez.
- BAME ordezkaritza: Autonomia erkidego bakoitzean BAME Enpresa Batzorde bat sortzea, lau urtean behin hauteskundeen bidez aukeratutako egoiliarrez osatua.



