«Formazio luzeena eta ardura handiena dugu, baina ahotsik ez»
Donostia ospitaleko medikua eta zirujaua da Xabier Arteaga Martin (Errenteria, 1973). Pankrea eta gibela dira bere espezialitatea. Urriaren 3ko medikuen grebarekin bat egin zuen, eta haien lan baldintzak hobetzeko aldarrikapenekin bat egiten du.
Xabier Arteaga Martin kirurgialaria.Inaxio Esnaola Medikuentzako estatutu marko propioa eskatzeko, greba egin zenuten urriaren 3an. Gaur egun, ez duzue halakorik, zergatik?
Hogei urte baino gehiago daramatzat lanean. Gaur egun, osasungintzaren alorreko gauzak negoziatzeko mahai sektoriala erabiltzen da. Mahai hori sindikatuek osatzen dute, eta mahaiko lekuak hauteskunde sindikalen emaitzen arabera banatzen dira. Gertatzen dena da, osasungintzako profesionalen artetik gutxiengoa garela medikuak. Orduan, hauteskunde sindikalak egiten direnean, medikuak ordezkatzen dituzten sindikatuak oso gutxi dira. Ondorioz, Espainiako Osasun Ministerioarekin negoziatzerako orduan, gure ordezkari diren sindikatuek badute ahotsa, baina ezin dute erabakietan parte hartu botoa emanez. Beraz, mahai sektorialean onartzen diren arau eta legeak aplikatzen dizkigute, baina gure iritzia aintzat hartu gabe.
Une honetan, Osasun Ministerioarekin osasungintzako lege berria negoziatzen ari dira sindikatuak, baina ez dago medikuen ordezkaritza duenik, ezta?
Horrela da, bai. Osasungintzako beste profesionalen sindikatuak dira negoziatzeko aukera dutenak. Hau da, erizainen, erizaintzako laguntzaileen eta zeladoreen ordezkariak. Ordea, guk gure lan baldintzak negoziatu nahi ditugu, eta ez erizain, erizaintzako laguntzaile, zeladore edo mantenuko langile batek. Beti adibide berdina jartzen dut. Logikoa litzateke Iberiako lurreko langile batek negoziatzea eta erabakitzea hegazkin pilotuen lan orduak, atseden orduak eta soldata? Ez du zentzurik. Guk ez dugu esaten osasungintzako beste profesionalek zein baldintza izan behar dituzten. Guk soilik gurea negoziatu nahi dugu. Gu garelako urte gehien behar ditugun profesionalak mediku gisa titulatzeko. Espezialitate motzena lau urtekoa da, eta karrera sei urtekoa. Gure formazioa da luzeena, erantzukizuna handiena eta erabakitzeko eskubiderik ez dugu.
Zein da egun medikuek eta kirurgialariek duzuen lan hitzarmena?
2003koa da indarrean dagoen osasungintzako legea. Hori aldatzeko eta berritzeko ari dira negoziatzen, baina Osasun Ministerioa pausoak atzeraka ematen hasi da. Lehen zirriborroan, medikuen egungo eskubideak gutxitzea proposatu zuten. Adibidez, guardia bat egiten dugunean, biharamunean libratzeko eskubidea dugu, atseden hartzeko. Ordea, aukera hori kendu egin zuen ministerioak. Zorionez, atzera egin zuten. Europa mailako eskubide bat da, eta hori ukatzea, lege hori urratzea litzateke.
Bestalde, lan ordutegiena aipa daiteke. Espainiako Lan Ministerioak asteko gehienezko ordu kopurua 37,5 izatea ezarri nahi du. Osasun Ministerioak, ordea, medikuena batez beste 45 ordukoa izatea aurreikusi du zirriborroan. Horrek esan nahi du aste batean 37 ordu egin ditzakegula, eta beste batean 120. Ez du inolako zentzurik.
Euskadiko Sendagileen Sindikatuak hamahiru puntuko aldarrikapen zerrendaren berri eman zuen pasa den ostiralean. Horietatik zein nabarmenduko zenuke?
Osasungintzako profesionalen sailkapena, erantzukizunaren araberakoa dena. Orain arte, medikuak A klasea ginen, eta gainerakoak azpitik genituen. Ordea, Erizaintza lau urteko gradua izatera pasatu zenetik, mailaz igotzea eskatu zuten, medikuekin parekatuz. Ez du inolako zentzurik, ezin delako konparatu erizainen erantzukizuna medikuok dugunarekin. Ezta formazioa eta eguneroko lana ere. Era berean, argi adierazi nahi dut ez gaudela erizainen kontra, gure lana betetzeko ezinbestekoak direlako.
Negoziazioan medikuek erabakimenik ez duzuela deitoratu duzu. Beraz, zer egin behar duzue aipaturiko aldarrikapen horiek aintzat har ditzaten?
Osasungintzako langile guztiontzako estatutu marko berria negoziatzen ari dira Osasun Ministerioarekin. Ospitale eta osasun zentro batean gauden langile guztioi aplikatuko diguten araudia berritzea da helburua. Medikuoi ondo iruditzen zaigu, baina erabakitzeko aukerarik ez dugunez, osasungintzako profesionalak sailkatzeko eta desberdintzeko eskatu dugu. Ordea, duela gutxi, Espainiako erizaintzako sindikatu baten bozeramaileak adierazi zuen langileak ezin zirela klase desberdinetan sailkatu. Zeharo oker dago, formazio eta ardura aldetik desberdinak garelako.
Urriaren 3ko grebaren jarraipena nolakoa izan zen?
Osakidetzaren arabera, %26koa izan zen, baina zenbaturikoak baino langile gehiagok bat egin zuten grebarekin. Horrekin batera, nabarmendu behar dut grebarengatik bertan behera geratu ziren kontsulta, ebakuntza eta abarrengatik kexarik ez zela izan. Pazienteek nahiko ondo ulertu zuten grebaren arrazoia.
Euskadiko Sendagileen Sindikatuak indarrak batzeko eskaera egin du. Beharrezkoa da?
Lehen aldiz lortu dugu Euskadin eta estatuan denok bat egitea: medikuen sindikatuak, elkarteak eta elkargoak. Greba bakarra egin dugu, eta seguru gaude Osasun Ministerioari berdin zaiola, bakarra izan delako. Orain lortu behar duguna da bat eginda jarraitzea, eta gure aldarrikapenak kontuan hartzea. Urteak eman ditugu elkartu gabe, eta zerbait lortzeko aukerarik gabe. Esaterako, ekaineko greban ez genuen guztiok bat egin, eta nabaritu zen. Beraz, orain da gure momentua.
Mobilizazioekin jarraituko duzue?
Oraindik ez da erabaki hemendik aurrera zer egingo dugun. Mobilizazio gehiago egiten ez badira, pasa den asteko greba iraganean geratuko da.

