«Ez nuen espero iritsi eta titular izatea»
Leire Markiegi Gortazar (Ibaeta, 2002) El Salvador (Valladolid, Espainia) taldeko errugbi jokalaria da. Duela hilabete batzuk egin zuen saltoa talde horretara, Espainiako lehenengo mailan jokatzeko, nahiz eta bere bosgarren urtea izan errugbira jolasten.
Leire Markiegi Gortazar errugbi jokalaria, partida batean.Kike Ibañez Nola hasi zinen errugbira jolasten?
Txikitatik gustatu izan zait kirola, eta hainbat praktikatu ditut: atletismoan hiruzpalau urtez aritu nintzen eta izotz irristaketan bederatzi urtez. Gero, beste zerbaiten bila nenbilela, belar hockeya probatu nuen bi urtez, baina ez ninduen guztiz harrapatu. Orduan, bizilagun baten bidez, Bera Berako entrenamendu batera joateko aukera izan nuen, eta ordutik ez dut entrenamendu bakar bat ere galdu. Horren harira, esker bereziak eman nahi dizkiot Pepe Gili (goian bego) eta familiari; bereziki, Naiarari.
Horrela, nahiko berria naiz errugbian: orain jokatzen ari garena nire bosgarren denboraldia da. Pandemia ondoren hasi nintzen.
Nolakoa izan da lehen mailara saltoa?
Aurreko denboraldian, Bera Beratik Eibargo taldean jokatzera joan nintzen, maila handiago batean lehiatzeko asmoz, Espainiako Ohorezko B mailan. Aurten, berriz, ilusioz eta erronka berrien bila, lehen mailan jokatzeko pausoa eman dut.
Maila aldaketa handia da Espainiako Ohorezko B mailatik Espainiako Ohorezko mailarako saltoa, eta talde honek duen profesionaltasuna benetan nabaritzen da; ez dut halakorik beste inon ikusi.
Horrelako saltoa espero zenuen liga batetik bestera?
Banekien maila altuko liga zela eta oso lan gogorra egin beharko nuela postua irabazteko. Batez ere, taldeko jokalariek oinarri altua dutelako. Oso pozgarria da, nola lanaren bitartez horrelako liga batean jokatzera iritsi zaitezkeen.
Esperientzia aldetik nola ari da izaten Valladolidera joan izana?
Aldaketa oso handia izaten ari da, bai bizimodu aldetik, baita kultura aldetik ere. Euskal Herritik kanpo bizitzea aldaketa oso handia izan da niretzako. Erabakia hartu baino lehen, horrek kezkatzen ninduen, Euskal Herritik kanpo bizitzeak.
Taldean ondo sentitzen naiz eta badira euskaldunak, beraz, etxean sentiarazten naute.
«Motibagarria da horrelako jokalariekin zelaira irtetea. Etxean bezala sentiarazten naute»
Ia minutu guztiak jokatu dituzu eta hainbat entsegu egin dituzu orain arte. Ondo sartu zara taldean?
Gustura eta oso pozik nabil minutu guztiak jokatzen ditudalako. Harritu nintzen lehenengo partidatik minutu guztiak jokatzen hasi nintzenean. Ez nuen espero iritsi eta titular izatea.
Taldeak ez du partidarik galdu eta lehenengo postuan zaudete ligan. Zein da taldearen helburua?
Aurreko urtean liga irabazi zuten, eta aurten, taldekide berriekin ere oso ondo hasi dugu liga. Helburua nagusiena taulan goian mantentzea da. Baina horrez gain, talde gisa hazten jarraitzea eta jokoan sendotasuna irabaztea dugu helburu. Taldean lan handia egiten dugu elkarrekin eta hori emaitzetan islatzen ari da.
Eta zure aurtengo helburua?
Nire aurtengo helburua errendimendu maila hobetzen jarraitzea eta taldeari ahal dudan guztia ematea da. Eta, batez ere, esperientziaz ikastea. Eta, noski, denboraldi amaieran taldearekin batera helburuak betetzea.
Profesionala zara ala beste lanen bat egiten duzu?
Ez naiz profesionala, errugbiarekin batera Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari naiz.
Zure taldean nazioartean jolasten duten jokalariak daude (Amaia Erbina, Nerea Garcia…) Nola sentiarazten zaitu haiekin jolasteak?
Oso berezia da. Entrenamendu bakoitzean ikasteko aukera paregabea da. Motibagarria da horrelako jokalariekin zelaira irtetea. Eta, beraiekin nagoenean, etxean egongo banintz bezala sentiarazten naute.
Errugbian ametsen bat gelditzen zaizu betetzeko? Zein?
Egia esan, ez dut amets zehatzik. Baina, batez ere, kirol honek ematen didan pasioa eta poz hori mantentzea da. Espainiako selekzioarekin jolasteko aukera badago, esperientzia gisa probatuko nuke, eta aurreko urteetan bezala, euskal selekzioarekin egin diren txapelketetan parte hartzeko gogoa dut.
