Kutxa huts bat
[Hartu koloretako papera. Politena. Marrazki gehien dituena. Txokoan gordeta duzuna]
Zer sartu kutxan? Liburua, jantzia, lurrina, jolasa… Zein da oparia? Gauza ala asmoa? Maitasuna, garrantzia, isilpean gordetakoak, barkamena… Besteari gugan duen lekua erakusteko zera ala gure burua zuritzekoa?
[Neurtu, moztu, estali. Japoniar erara edo zeloarekin. Nahiago duzuna]
Gabonetako opariak dira goxoak, besarkada epelak, pozgarriak, irribarre eragileak. Pentsatuak eta sortuak. Egunerokoek, berriz, beste itxura bat dute. Puxikak, gailetak, arrosak eta piruleta gorriak. Begiradak, heltzen duten eskuak, keinuak, sendatzen duen denbora.
[Zinta berdearekin lotu. Ez, hobe, horiarekin. Lazoa osatu eta guraize puntaren kontra zanpatuz pasatu. Kizkurtu. Kiz… ]
Maiz, ordea, badira jaso eta (eman?) nahi ez direnak: mikatzak, hotzak, ez ongi etorriak. Isiltasun pisutsua, garrasia, hitz okerrak edo ez-ikusia. Gogoeta faltan, ezinegona, beldurra edo nekea besteei luzatua. Gertukoei eta haiei. Apaingarririk gabe. Gordin. Zikin. Zabar.
[Txartela aukeratu eta kaligrafia hizki kiribilduekin idatzi izena. Harena. Hartzailearena]
Data hauetan dena da neurtua, bai papera, bai edukia. Gainerakoan, kutxa ireki arte ez dakigu barruan dagoena argia den ala iluna.
[«Tori, Eguberri on!»]
