Pertsonak, zenbakiak eta baliabideak
Astebete igaro da Martuteneko Agustindarren eraikina hustu zutenetik. Jon Insausti alkateak dio udalak «erantzun zehatza» eman diola aferari. Harrera Sarea eta Martu Harrera taldeek, berriz, deitoratu dute han bizi ziren pertsonen erdiak artatu dituela udalak.
Hainbat herritarren protesta, Agustindarren eraikina hustu zuten egunean.Xalba Ramirez Hilaren 4an hustu zuten Martuteneko Agustindarren eraikina, eta dagoeneko makinak lanean ari dira lanbide heziketako zentro bihurtzeko. Hiritarron Harrera Sarearen arabera, 100 pertsona baino gehiago bizi ziren han, egoera zaurgarrian. Dena dela, Donostiako Udalak «82 lagun inguru» identifikatu zituela adierazi zuen Jon Insausti alkateak, asteartean. Horietatik, ordea, 48 dira La Sirena aterpetxean ostatu hartu zutenak. «Horiek dira udalak ezarritako gutxieneko baldintzak onartu dituztenak», azaldu zuen Insaustik.
Udalak aferari «aurrez aurre» begiratu diola nabarmendu zuen: «Arazo konkretu bati soluzio bat eman diogu. Martutenen korapilo bat zegoen, eta askatu egin dugu». Horrekin batera, esan zuen Martuteneko bizilagunen eta auzokideen «esker ona» jaso dutela, «gertatzen zenari erantzun zehatza eman diogulako». Ordea, Sarroeta auzo elkarteak adierazi du udala ez dela haiekin harremanetan jarri, haien iritzia jasotzeko.
Bestalde, Agustindarren eraikinean bizi ziren «pertsona guztiekin» hitz egin dutela esan zuen Insaustik: «Batzuk ikasten ari dira, beste batzuk lanean, eta beste batzuek ez dute gutaz eta administrazioaz ezer jakin nahi. Kasu oso desberdinak daude». Horrela, soilik 48 pertsonak onartu dituzte udalak ezarritako baldintzak.
Harrera Sarearen kritika
Udalaren jokabidea kritikatu du Harrera Sareak, Martuteneko eraikinean bizi ziren pertsona guztiak La Sirenan hartu ez dituztelako. Kritika bertsua plazaratu du aste honetan aurkeztu duten Martu Harrera talde berriak: «Martutenen duela urtebete baino gehiago irtenbide integralak eskatzen aritu gara. Hortaz, erakundeei irtenbideak, baliabideak eta inbertsioa exijitzen dizkiegu».
Harrera Sarearen kritikari erantzunez, Insaustik esan zuen udalak haien helburu «berbera» duela, «kale egoeran pertsona bakar bat ere ez egotea». Dena dela, egoera horri aurre egiteko «ikuspegi desberdina» dutela gaineratu zuen.


