40 alegaziotik gora aurkeztu dizkiote auzotarrek Zardoya eremuko hirigintza proiektuari
Herrerako eta Altzako hainbat auzotarrek agerraldia egin zuten ostegun arratsaldean Harrobieta plazako Udalinforen bulegoaren aurrean, Zardoya Otis eremuko hirigintza planari aurkeztu dizkioten alegazioen berri emateko.Beñat Parra Hurrengo ostegunera arte (hilak 15) dago zabalik epea Herrerako Zardoya Otis eremuko hirigintza planari alegazioak aurkezteko, eta horretan buru-belarri ibili dira azken asteotan auzoko bizilagun eta eragile ugari. Hain zuzen ere, Herrerako Herripe auzo elkarteak deituta, aurkeztu dituzten alegazioen berri emateko agerraldia egin zuten atzo hainbat auzotarrek, Udalinfok Harrobieta plazan duen egoitzaren aurrean. Guztira, 40 alegaziotik gora aurkeztu dituzte, eta batzuk gehiago aurkeztekoak dira, ostegunera bitarte.
Herrerako eta Altzako auzotar eta eragile ugari hasiera-hasieratik agertu dira eremu horretako hirigintza proiektuaren aurka, nagusiki, auzoaren beharrei erantzuten ez diela iritzita. Izan ere, Altza da Donostiako auzo populatuenetako bat (20.611), eta, aldi berean, ekipamendu eta espazio libre urriak dituzte —1,78 metro koadro espazio libre biztanleko—, biztanle kopuruarekin alderatuta. Aldiz, Zardoya eremurako 400 etxebizitza inguru ditu aurreikusita Donostiako Udalak, eta garapen horri legez dagozkion espazio libreen zati handiena (5.000 metro koadrotik gora) Igeldopko Erregenea eremura eraman nahi dituzte.
Horrela, aurkeztutako alegazioek askotariko gaiak ukitzen dituzte: eremu berdeak Erregeneako eremuan kokatzea, eremuaren eraikigarritasunak beharrei erantzutea edo batzuen negozioa sustatzea, mugikortasun arazoak etxebizitza kopuruagatik, zuzkidura etxebizitza eskasia eta definizio eza eta inguruko auzuneetan eta etxeetan sortzen dituen kalteak, nagusiki. Alegazioen fasea pasatzen denean, hala ere, Herripe auzo elkarteak ez du baztertzen bide judizialetik jarraitzea hirigintza plan horren aurka.
Gogoratu behar da pasa den iraileko udalbatzarrean eman ziotela hasierako onarpena Zardoya eremuko hirigintza garapenari , udal gobernuko bi alderdien (EAJ eta PSE-EE) eta PPren babesarekin; zehazki, hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) aldaketa da onartu zutena (AL.05 Jolastokieta, AL.06 Pikabea eta Erregeneako lursailak). Aste honetan, Jon Insausti alkateak iragarri du pabiloiak eraitsi ahal izateko agindua eman duela, horrek garapena “azkartu” egingo duelakoan.
Aldiz, iragan industrialeko eremu degradatu horretan kale egoeran dauden 140 pertsona inguru bizi dira egun, oso egoera txarrean; udalak, momentuz, ez du haientzako alternatibarik eskaini. Pabiloien jabea Barenys S.L. higiezinen sektoreko enpresa da 2021etik, eta urteotan “utzikeriaz” jokatu duela salatu dute hainbat auzotarrek, ez baititu eraikinak eraisteko izapideak azkartu, horretarako denbora izan badu ere.

Marko Sierra ingeniari agronomoak Erregeneako lursailari buruzko txosten mardula ondu du eta Herrerako bizilagunei aurkeztu zien ostegun arratsaldean Herrera Kirol Elkartean.Beñat Parra
Erregenea hizpide
Harrobieta plazako agerraldiaren ondoren, Herrera Kirol Elkartera joan ziren auzotarrak, izan ere, Marko Sierra ingeniari agronomoak Erregenearen inguruan ondu duen ikerketa mardul eta sakona aurkeztu zuen bertan, alegazioetarako zein etorkizunean iritsi daitekeen bide judizialerako erabilgarria izango delakoan.
Txostenaren ondorioak argiak dira: Herrerako garapenari dagozkion espazio libreak Erregenean kokatzearen egokitasuna “ia ezdeusa” da. Arrazoi sakorengatik: Herreratik distantzia handi batera dagoelako, ez delako irisgarria, ez delako erabilgarria parke urbano gisa eta abar.


