Danborradaren bilakaerari buruzko kontakizun historiko bat
425 Kultur Elkarteak 'Donostiarren historia bat. Danborrada 1876-2026' argitalpena argitaratu berri du. Bertan, hiriaren festa nagusiaren historia gainbegiratu dute modu dibulgatzailean. Aurkeztu zutenean, gainera, aitzindari izan diren hiru danborrada omendu zituzten.
Udaletxean egindako argitalpenaren aurkezpeneko irudi bat.Donostiako Udala Urteurrenak une ezin aproposagoak izaten dira historia gainbegiratzeko. Egun ezagutzen dugun moduan, danborrada lehenengoz 1876an ospatu zuten, alegia, duela mende eta erdi. Abagune hori baliatuta, 425 Kultur Elkarteak, udalaren laguntzarekin, Donostiarren historia bat. Danborrada 1876-2026 argitalpena kaleratu du. Modu dibulgatzailean eta hari jarraitua duen kontakizun moduan jaso dute hiriaren festa handiaren historia Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko Jose Luis Garcia de Madinabeitiak eta Union Artesanako Ignacio Peñagaricanok.
Eskura dagoen dokumentazio idatzia eta garai hartako hainbat kronistek bildutako ahozko testigantzak oinarri hartu dituzte egileek, baita horri buruzko teoriak «kontrastatu eta kritikoki aztertu» ere, «errealitate historikotik ahalik eta gertuen dagoen ikuspegi zehatz bat emateko».
Jakina denez, itxura guztien arabera, hiritik etengabe pasatzen ziren soldaduen eta bertako biztanleen arteko harremanari estuki loturik dago jaiaren sorburua. Parkeko iturrian —San Bizente elizaren ondoan— soldaduek danbor zaratatsuekin adierazten zuten beren presentzia eta ura biltzeko berriketan zain zeuden urketariek eta iringileek egurrezko baldeak eta barrikak jotzen zituzten giro alaian.
Festa, berriz, inauterietako konpartsa batetik datorrela esan ohi da; egileek, ordea, ez dute topatu hori berresten duen «erreferentzia historiko bakar bat ere». 1876. urtearen aurrekoetan jaso zutenez, parte hartzaileak goizaldian iturrietara joaten ziren eta kaleetan barrena ibiltzen ziren giro alaian barrikak jotzen, bakoitzak nahi zuen moduan jantzita, modu desordenatuan; baina ez da konpartsarik aipatzen. Beste datu bat: 1883an ere Raimundo Sarriegiren martxari hitzak jartzeko lehiaketa deitu zutenean ere, oinarrietan inauteriei buruzko ezer ez zioen, eta irabazi zuen Serafin Barojarenak «iñauteriak datoz!» dio.
Bitxikeriak eta pasadizoak
Argazkiek, irudiek, elkarteetako San Sebastian bezperako zenbait menuk eta Martin Berasategiren sei errezetak osatzen dute liburua. Ibilbide historiko horretan, badira zenbait mugarri eta bitxikeria. Batzuk aipatzearren, 1920ko hamarkadan, festa «zaharkitua» zela eta garai berrietara egokitzeko, danborrada desagerraraztea proposatu zuten. 1930ean, berriz, alkateak gaueko danborradak debekatu zituen, eta horri erantzunez, hurrengo urtean danborrada guztiek ordutegia aldatu, eta goizeko bostetan irten ziren, danborrada hasteko ordu tradizionala zela argudiatuta. Ez da aldi bakarra izan, sokamuturraren debekuak eragindako etenaren ondoren ere gauza bera egin baitzuten. 1936an Union Artesanan egindako afari ofizialean, alkateak, garai ilunak zetozela aurreikusita, otordu amaieran jo ohi zen martxa zutik eta isilik entzuteko eskatu zien bertaratutakoei.
AITZINDARIAK

Union Artesana: lehena
Aurreko data batzuetan bakarka parte hartu bazuen ere, 1876an ezarri zuen Union Artesanak danborradaren eredua, gaur egun ezagutzen dugun moduan. Ordutik hona, etengabe parte hartu du azken 150 urteetan. Beraz, festaren «benetako zutabe» bihurtu da.
La Fraternal izan zen eratutako lehen elkartetako bat eta iturrietan jotzen ziren melodiak ikusita, haiei akonpainamendua jarri zien eta jai kalejirarekin bat egitea erabaki zuen. Elkarte horretako bazkide ohiek sortu zuten Union Artesana eta bertako kideek danborradari beste bultzada bat ematea erabaki zuten, hala, 1871-1876 bitartean, desfilea antolatzeaz eta egituratzeaz arduratu zen.
Oroigarria eta liburua jaso ondoren, Iñigo Mendiolak ohorea eskertu zuen eta aitortu bai danborrada bai bandera jaitsiera elkartearen «ekitaldi nagusia» direla. «Asko zaindu dugu eta gogo berdinarekin jarraitzen dugu gure ekitaldia mantendu eta aurrera jarraitzeko» adierazi zuen.
Euskal Billera: lehen haur danborrada
Euskal Billerak 1906an antolatu zuen helduen lehen danborrada. Urte batzuk geroago, txikienek festan bere lekua ez zutela konturatuta, lehen haur danborrada bultzatu zuen, 1927an. Ekimen hau Maurizio Etxaniz Aita Maurik abiatu zuen, eta gaur egun ezagutzen ditugun haur danbor joleen erakustaldi handirako lehen urratsa izan zen. Uniformeak, napoleonikoak, Etxanizek berak eta beste bi bazkidek diseinatu zituzten, eta gastuen gehiena elkarteak bere gain hartu zuen. Lehen urtean hiru heraldo zaldiz, bederatzina gastadore eta upel jotzaile eta 23 danborrarik desfilatu zuten danbor nagusiaren agindutara. Hurrengo urtean, Easo Ederraren karroza gehitu zioten. 35 urtez Euskal Billera bakarrik atera zen, 1961ean eskolak eta erakundeak batzen joan ziren arte.
Elkarteko presidente Javier Imañak, haur danborradako hiru kidek lagunduta jaso zuen bere plaka. Eskerrak eman eta gogoratu zuen elkarteak sorreratik modu aktiboan parte hartu zuela bai ongintzazko lan askotan, bai jai herrikoietan, «horregatik bi hiriko domina jaso zituen».
Kresala: lehen danborrada parekidea
Elkarte mistoa izanda, emakumeek ere parte hartu nahi zuten danborradan, baina hasieran gainerako elkarteen arbuioa gainditu behar izan zuten. Aitzindari izan zen 1980ko danborradan 29 emakumezkok osatutako urketari talde bat sartu baitzuen. Gainerako elkarteek uko egin bazioten ere ekimen horri, Kresalak sendo jarraitu zuen eta eutsi zion.
Elena Arrieta kideak gogoratu zuen «elkartean baja eman zutela bazkide batzuek» eta gainera elkarteek aurka egin zutela, alkatearengana jo zuten, eskatuz, Kresala ateraz gero, beste danborradek ez zutela egingo. «Beste elkarteen aurretik pasatzean, ateak itxi eta argiak itzali zizkiguten, mespretxu keinu gisa. Egun hartan, beste San Sebastian egunetan ez bezala, kalea jendez beteta zegoen, gehienak txaloka eta gutxienak txistuka; oso hunkigarria izan zen». Argi utzi zuen ere, «Kresalak ez zuela inoiz proposatu ezta definitu ere danborrada batek nola izan behar duen. Oso argi geneukan nola nahi genuen Kresalakoa izatea».
