Dena prest dago hiriaren festa handirako
Atzera kontaketa laburtzen ari da eta lau egun eskas falta dira hiriko festa handia iristeko. Betiko moldea mantenduko badu ere, berezitasunik ez zaio faltako. Hasieratik, gainera: Xabier Anduaga Urrezko Danborrak oholtzatik abestuko du 'San Sebastian martxa'.
Plaza Berriko erlojuak gauerdia jotzean, danbor hotsek hartuko dute hiria.Jon Xabier Zabala Plaza Berriko erlojuak gauerdia adierazten duenean, astearte osoan luzatuko den festa lehertuko da. Ez Parte Zaharrean soilik, hiriko auzo guztietan, baizik. Haietan barrena makilak gogotsu astinduko dituzten 167 danborradek hartuko dituzte kaleak, burrunba hotsez betez San Sebastian eguna.
Aipatu talde horietan antolatuta, 22.736 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute danborradan, horietako %53,4 gizonezkoak dira eta %46,6, berriz, emakumezkoak. Jaia erabat parekide izatetik gero eta gertuago dago, ez horrenbeste, partaide kopuruari dagokionean, parte hartzeko aukera berdintasunari lotuta baizik. Izan ere, urtez urte, gutxitzen joan dira erabat baztertzaileak ziren danborradak, alegia, emakumerik ez zutenak danbor eta upel jotzaile lanetan. 2023an zortzi baziren, 2024an, bost, eta iaz, mistoak izatera pasatu zirenez Gizartea, Amigos de Europa eta Amigos Antonio Bar, bi besterik ez ziren gelditu. Oraingoan, ordea, bakarra izango da. Izan ere, Club Cantabricok emakumezkoei parte hartzeko aukera zabaldu baitie. Hala, Aizepe izango da danborrada baztertzaile bakarra. Parte Zaharreko elkarte honen danborradako 163 partaideetan guztiak, gizonezkoak dira. Gainerako 165 danborradetan gizonezkoak eta emakumezkoak ariko dira rol horietan; eta Emakumeen Etxekoan, emakumezkoek soilik parte hartuko dute.
Anduaga, oholtzan
Bandera igoera ekitaldiaren mendeurrena ospatzeko, hainbat jarduera antolatu ditu udalak, Bagera! 100 urtez beti alai lelopean. Hala, biharamunean Urrezko Danborra jasoko duen Xabier Anduaga tenore donostiarrak San Sebastian martxa abestuko du gau berezienean, Donostiako Orfeoiarekin bat eginda Plaza Berriko oholtzan. Ohore horregatik bere esker ona adierazteko, Donostiarekin eta donostiarrekin ospatzeko beste modu bat aukeratu du: «Alkateak deitu ninduenean, Donostiari zerbait eman behar niola pentsatu nuen. Askok pentsa zezaketen urtarrilaren 20an abestuko nuela, Urrezko Danborra jasotzean. Ordea, aproposagoa iruditu zitzaidan, bezperan, bandera igoeran kantatzea», adierazi du omenduak.
Horrela, bere bizitzako «egunik garrantzitsuena» Donostiarekin bizi nahi duela esan du Anduagak: «Donostiako Orfeoiarekin batera abestuko dut oholtzan, eta ederra da niretzat, nire etxea delako. Nire lehen pausoak haiekin eman nituelako. Gainera, Juanjo Oconek zuzenduko du Orfeoia, eta niretzat ere oso berezia da, San Sebastian martxa berak moldatu zuelako».
Pinak, opari
Efemeride borobil horri lotuta, kartel berezi bat ere prestatu dute, Roskow artista donostiarrak egina; eta aipatu lelodun logoarekin milaka pin banatuko ditu udalak San Sebastian egunean parte hartzen duten haur, gazte, heldu eta, oro har, herritarren artean.
Hori gutxi balitz, Joselontxos txarangak danborradan jotzen diren pieza eta ereserki guztiak grabatu ditu, eta horiek eskura jarriko ditu udalak. «Ondare musikatua gordetzea izan da honen helburua eta entseguetan ere asko eskertu dute elkarteek», azaldu zuen Jon Insausti alkateak ospakizunaren aurkezpenean.

Haurrak, izar
24 orduko festan, hamaika une berezi daude, horietako bat, haur danborrada da. Desfilean 4.630 haurrek —2.486 neska eta 2.144 mutil— parte hartuko dute, 38 ikastetxe eta elkartetako 45 konpainiatan. XIX. mende hasierako Donostiako gizartea islatzea xede duten pertsonaiak Intxaurrondoko Haur Danborradako haur talde batek gorpuztuko ditu. Udaletxeko balkoira aterako dira 12:00etan, Alderdi Ederren zain egongo diren ia 5.000 haurren aurrera. Haiei guztiei eta bertaratzen direnei hitz batzuk esango dizkie Valentina Errantes Santos alkateak, eta jarraian, handik, San Sebastian martxa zuzenduko du Argoitz Etxezortu San Jose danbor nagusiak, Erdialdeko kaleetan barrena eginez, danbor burrunbaz beteko dituen desfileari ekin aurretik.
Horrez gain, astelehenean, San Sebastian egunaren bezperan, hamabi haur danborrada ibiliko dira hiriko kaleak girotzen: IGE Larrun (Amara), Altza S.J.C. (Altza), Axular Lizeoa (Aiete), Harri Berri Oleta Ikastetxea (Altza), Elaienea ikastetxea (Antigua), Intxaurrondo Ikastola (Intxaurrondo), Zuhaizti eskola publikoa (Gros), Gaztelubide Txiki (Parte Zaharra), UA 150 Haur Danborrada (Parte Zaharra), Kresala Txiki Danborrada (Parte Zaharra) eta Kañoyetan Txiki haur danborrada (Parte Zaharra). Azken hori, 125 urte bete berri dituen Kañoyetan elkartearena, lehen aldiz aterako da aurten, berritasun gisa. Era berean, hilaren 20an bertan aterako da haur danborrada bat kalera, eguerdiko desfilearen ostean: Amaratarra Txiki Danborrada.
Bestalde, Herri Ametsa ikastolak 50 urte beteko ditu haur danborradan parte hartzen, eta ospatzeko, oroitzapen gorbata emango dio udalak. Ikastola gisa parte hartu zuen lehen ikastetxea izan zen
