Garaipen hotsak behar dituzte Donostiako kirol taldeek
Realeko neskek Sevillan jokatuko dute, eta mutilek Bartzelona hartuko dute Anoetan. Ibaeta Basket eta Gipuzkoa Basket etxetik kanpo ariko dira.
Realaren eta Sevillaren artekoa, Zubietako zelaiaren estreinaldian.Reala San Sebastian egunaren atariko asteburuan, Donostiako kirol taldeek ez dute atsedenik izango. Aldiz, irabaziz gero, irribarrearekin iritsiko dira hiriko festa handira.
Futbolean, Realeko neskek Savillaren zelaian jokatuko dute, igandean (16:00). Atletico Madrilen kontrako azken berdinketa gogoangarria presente izango dute txuri-urdinek, baina etxetik kanpo hiru puntuak eskuratzen ahaleginduko dira. Batez ere, sailkapen nagusian Txapeldunen Ligako postuetan jarraitzeko. Mutilek, berriz, Bartzelona hartuko dute etzi ere, Anoetan (21:00). Ligako eta kopako partidak azken unean lortuta, zaleak pozik daude, baina liderrari irabazita borobilduko luke taldeak bizitzen ari den bolada ona. Noski, ez da erraza izango, baina sansebastianak aurreratuko lituzke garaipenak. Pellegrino Matarazzo entrenatzaile berriak oraindik ez du galdu kargua hartu zuenetik, eta horrela jarraitzea litzateke albisterik onena. Gogoratu behar da Xabier Anduaga tenore donostiarrak, Urrezko Danborra jasoko duenak, Anoetan abestuko duela neurketaren atarian.
Saskibaloian, etxetik kanpo ariko dira Donostiako bi ordezkariak. Ibaeta Basketek Joventuten pistan izango du bihar garaipenen zikloa berresteko aukera (18:10). Porrot asko pilatu ostean, azken partida irabazi izanak konfiantza bueltan ekarri dio taldeari. Bestalde, Gipuzkoa Basketek errekorra areagotu nahi du, Menorcan bihar ere irabazita (19:30). Zortzi partida irabazi dituzte jarraian, eta akaso bederatzigarrena ere eskura dezakete asteburuan.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskak lehiara bueltatuko dira bihar, Majadahonda liderraren izotz pistan (14:45). Denboraldiak aurrera egin ahala, taldea hobeto aritu da, eta ezusteko ona izan daiteke madrildarrei haien etxean eskua sartzea. Aldiz, Txuri Urdineko mutilek ez dute Andorraren aurkako neurketa bezain erraza jokatuko. Bihar ariko dira Jacaren izotz pistan (21:30). Beraz, bi talde klasikoren arteko norgehiagoka izango da. Une honetan, sailkapenean azpitik dituzte Aragoikoak.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 16. jardunaldia
- Sevilla – Reala (etzi, igandea, 16:00)
Gizonezkoen liga, 20. jardunaldia
- Reala – Bartzelona (etzi, igandea, 21:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 17. jardunaldia
- Joventut – Ibaeta Basket (bihar, larunbata, 18:10)
Gizonezkoen bigarren maila, 17. jardunaldia
- Menorca – Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 19:30)
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Majadahonda – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 14:45)
Gizonezkoen liga, 15. jardunaldia
- Jaca – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 21:30)
