Hiria hobetzen duten bost eredu
Batzuen lana aski ezaguna den arren, asko dira Hiritar Merezimenduaren Dominari esker egiten anonimotasunetik ateratzen diren pertsona eta proiektu zoragarriak. Bizitza oso baten ibilbidea sarituko da hiriko egun handian.
Emma Larretarena da domina hunkigarrienetako bat. 2007an bere bikotekidea zenarengandik erailketa saiakera bat jasan zuen, bizitza osorako markatuz bere etorkizuna. Urte askoren ostean, egoerari aurre egin, eta indarkeria sexistaren aurka borrokatzen ari da komunikazioa eta talde lanketa ardatz. Pozez txoratzen dago: «Nire lana oso ikusezina da, talde txikietan egiten dugu, itzalean, eta orain hiri osoak balioan jartzea… sinestezina egiten zait».
Nerabeekin biolentzia eta frustrazioaren moduko gaiak lantzen ditu: «Nola sortzen gara pertsona moduan, zeintzuk dira gure alderdi ilunenak. Azken finean, bizitzako garai okerrenei bakarrik egin behar diegu aurre, eta prest egon behar dugu». Bestetik, biolentzia jasan duten emakumeekin talde lana egiten du Larretak: «Harrigarria da nola haiek eta haien ingurua indartzen diren ikustea».
Justizia poetikoa da Larretak domina bere hirian jasotzea. 2007an jasandako erasoaren ostean, bizkartzainekin bizi behar izan zuen Martutenen. Bere senar ohia espetxetik baimenekin ateratzen hasi zen arte. Azkenean, 2010ean Donostiatik joatea beste erremediorik ez zuen izan. Horregatik, pozez eta harrotasunez beteta hartuko du merezitako domina: «Oso sentibera naiz eta negar egingo dut; nire helburua da ahalik eta gutxien negar egitea», kontatu du, malko eta irri artean.
Otaegitarren tradizioa… eta pantxineta
Donostiaren bilakaera emozionalean merezitako tokia du Otaegi sendiak. Duela 140 urte hasitako gozogintza ibilbideak hainbat eta hainbat denda izan ditu Gros, Parte Zaharra eta Amara artean. Eta garrantzitsuena: belaunaldiz belaunaldi jasotako ondarea gordetzen eta mantentzen.
Iñigo Otaegik osatzen du familiako laugarren belaunaldia, «eta behin ere errezetak aldatu gabe», ohartarazi du. «Harrotasun handiz» daramate familiaren negozioa, eta harrotasun handiz jaso dute domina. Hain zuzen ere, birramona Emiliana Malkorra zena izan du gogoan, Pedro Otaegirekin ezkondu eta bederatzi seme-alaba zituela geratu zen alargun. Donostian, belle époque-aren garaia izan zen, eta familia aurrera ateratzeko beharrari bere ikuspegia gehitu zitzaiona: euskal gozogintza berriari bidea ireki zion, Europatik zetozen errezeta, teknika eta gozogileak txertatuz. «Emilianari zor diogu pantxinetaren sorrera: bai izena, baita errezeta ere», dio, harro, Otaegik. Bada, horrek, gutxienez, badu meritu nahikoa domina bat jasotzeko.
Buru osasunaren aldeko medikua
Jose Felix Marti Masso medikuak ere jasoko du merezitako domina. Arantzazuko erresidentziako neurologia zerbitzuaren sortzailea izan zen, eta ordutik ikerlari, irakasle eta dibulgatzaile nekaezina izan da. Alzheimerraren eta bestelako gaitz neurologiko ugariren alorrean lan egindakoa da: «Senide bat izan baduzu gisa horretako gaitzekin, izan ziur, lehenago edo beranduago artatu dudala», dio, jubilatuta egon arren, alor horretan boluntario gisa jarraitzen duen medikuak.
Besteak beste, Aubixa alzheimerra lantzeko elkartearen presidente izan zen 2017 eta 2022 urteen artean, eta egun ere patronatuan dago. Nagusilan egitasmoan boluntario lanak egiten ditu, baita ere: biolina jotzera joaten da nagusien erresidentzietara. Kontzientzia sozialetik egiten du honakoa, eta argi du, era berean, «erantzukizuna» duela: «Gero eta bizi esperantza handiagoa dagoen gizartean, gero eta gaixotasun neurodegeneratibo gehiago egongo dira. Eta oso gogorra da: elkar ezagutzeko gaitasuna galtzea, izan garenaren oroitzapena galtzea… Zer gara ez bagara gure oroitzapenak?». Horregatik, prebentzioan jartzen du indarra Martik. Bizi eredu osasuntsu eta aktibo bat izanez gero, %30 murriztu daiteke gaixotasuna izateko aukera.
San Sebastian eguna familia osoarekin ospatuko du, pozik. «Ohiz kanpokoa da eta horren kontzientzia eta emozioa izatea oso garrantzitsua da. Hori ulertzea eta momentua bizi ahal izatea ederra izango da».
Langabeziatik ateratzeko hauspoa
Cebanc Lanbide Heziketa zentroak 50 urte bete ditu aurten, eta urteurren borobila «ezin hobeto» ospatuko dute aurten. Zuzendaritzako kide Igone Urkidik azaldu duenez, «milaka eta milaka lagun pasatu dira gure zentrotik: urtean 3.000 eta 4.000 artean». Profila asko aldatu da, eta egun, pertsona migratzaile ugarirentzat aukera bihurtu da Cebanc, «ilusioz etorkizunari aurre egin eta langabeziatik ateratzeko bide gisa». Alderdi profesionalaz gain, gainera, «garapen pertsonalean» zentratutako ikastaroetan indarra jartzen ari dira azken bost urteetan, «arrakasta handiz».
«Egia esan, albistea jaso genuenetik ari gara ospatzen, baina egunean bertan zentroko ahalik eta kide gehien izango gara dominen banaketaren aurretik… eta ondoren!».
Bizitza bat dantzari emana
«Autobusean nindoan alkatearen deia jaso nuenean… hau poza!», onartu du Josetxo Fuentes dantzari eta koreografoak. Eskola dantza taldeko zuzendaria 25 urtez, jarduera eta proiektu ugariren parte izan da. Dantza taldearekin, gainera, Galesko Llangollen dantza txapelketa irabazitakoa da, «goi mailako jaialdia da, futboleko Champions-aren parekoa!».
San Sebastian egunarekin lotura zuzena du. 54 urte dira Groseko Kondarrakekin lehenengo aldiz atera zenetik, bederatzi urte zituela, banderadunak laguntzen. Baina badu hiriari ekarpen handiago bat: bera da San Sebastian martxa-ren koreografiaren sortzailea. «Urteak neraman buruan ideia horrekin eta azkenean, 1994ean egin nuen. Garai hartako folkloristek gogotik larrutu ninduten, baina denborak arrazoia eman didala esango nuke!», kontatu du, harro. Arrazoia ez ezik, saritu egingo dute udaletxean, eta bere danborradan, omenaldia.

