Plaza Berrian izan zen lehen bandera igoera ofiziala
Parte Zaharreko plazari bi aldiz kendu diote jatorrizko izena. Batetik, 1820an, 'Plaza de la Constitución' jartzeko, eta 1937an, 'Plaza del 18 de Julio' inposatzeko.
Parte Zaharreko Plaza Berria.Iñaki Agirre Mendeurrenaren bandera da gora eta behera ibiliko dena San Sebastian egunaren bueltan. Hain zuzen ere, laster ehun urte beteko dira Donostiako Udalak bandera igoeraren estreinako ekitaldi ofiziala egin zuenetik. 1926ko hilaren 19an izan zen, garai hartako Donostiako Udaletxean, Parte Zaharreko Plaza Berrian zegoena —1947an lekualdatu zuten egungo eraikinera—. Ordea, mendeurrenaren ospakizunaren harira, ez da aipatu plazaren jatorrizko izena. Zergatik?
1926an bi izendapen zituen Parte Zaharraren bihotzak: Plaza Berria eta Plaza de la Constitución (Konstituzio plaza). Hau da, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Udalak 1898an adostu zuen plazak bi izen ofizial horiek izatea. Dena dela, Plaza Berria (Plaza Nueva) da jatorrizko izena, bat eta bakarra, 1722an jarri ziotena. Mende bat inguru geroago, 1820an, Donostiako elite liberalek, La Sociedad Patriótica de San Sebastián elkartekoek, Plaza de la Constitución izena ezarri zioten, garaiko udalarekin adostu gabe.
Aipatu moduan, 1898an berreskuratu zuen euskarazko izena, baina ez zuen askorik iraun. 1936ko gerraren ondoren, 1937ko ekainaren 15ean, frankistek Plaza del 18 de Julio izena inposatu zioten. Azkenik, 1979ko uztailaren berreskuratu zuen Plaza de la Constitución (Konstituzio plaza) izena. Alegia, soilik gaztelaniazkoa. Trantsizio garaiak ez zuen euskarazko deitura aintzat hartu, eta, gerora, urteen joan-etorrian, udalak ez du Plaza Berria izena berreskuratzeko behar besteko ahaleginik egin.
Hori dela eta, 2022an, Plaza Berria Berreskura Dezagun egitasmoa sortu zuten hainbat donostiarrek. Izan ere, 300 urte bete zituen urte hartan Plaza Berriak, eta urteurrenari izaera aldarrikatzailea eman zioten. Hau da, udalari eskatzeko Plaza Berria izena berreskuratu dezala. Lau urte geroago, 2026an, horretarako borondaterik ez dagoela dirudi.
