San Sebastian egunaren hasiera aldatu zuen bandera
Donostiako Udalak 1926ko hilaren 19an egin zuen San Sebastian eguneko bandera igoeraren lehen ekitaldi ofiziala, Plaza Berriko udaletxe zaharrean. Mendea beteko da aurki, eta hiriak ohitura hura mantendu duen arren, 100 urtetan nabarmen aldatu da festa. Baita danbor eta upel hotsez gozatzeko modua ere. Mendeurrena ospatzeko, udalak lelo hau aukeratu du: 'Bagera! 100 urtez beti alai'.
Union Artesana danborrada, 1926an.Ricardo Martin / Kutxateka Bandera igo orduko hasten da 24 orduko festa, eta atzera bueltarik ez da. San Sebastian eguna, ordea, oso bestelakoa zen duela ehun urte, egungoarekin alderatuta. Inauteriekin lotura estua zuen, urtarrilaren 20aren bueltan antolatzen zirelako, eta hiriko hainbat elkarte gastronomikok parte hartzen zuten haien konpartsen danborradekin. Esaterako, Union Artesana, Euskal Billera, Umore Ona eta Donosti Zarra elkarte koxkeroek. 1920ko hamarkadan, elkarteen egoitzetan egiten zuten Donostiako banderaren igoera, eta Donostiako Udalak tradizio hori hartzea erabaki zuen.
Horrela, udalak 1924ko hilaren 19an igo zuen bandera lehen aldiz Plaza Berriko udaletxeko mastara. Dena dela, iragarpenik eta ospakizun berezirik gabekoa izan zen. Bi urte geroago, 1926ko San Sebastian bezperan, udalak bandera igoeraren ekitaldi ofiziala antolatu zuen, elkarteek sorturiko ohitura indartzeko eta hiri mailakoa izateko.
425 Kultur Elkarteak argitaratu berri duen Donostiarren historia bat liburuak ederki jasotzen du 1926ko estreinako bandera igoeraren kronika laburra: «Gaueko bederatzietan, txistulari banda hiriko kaleetan barrena abiatu zen, zezensuzkoa laster irtengo zela iragarriz. Hamarrak eta hamabiak bitartean, musika talde bat arduratu zen Konstituzio plaza girotzeaz, eta, amaitzeko, San Sebastian martxa jo zuen, han zeuden guztien gozamenerako. Hamaiketan zezensuzkoa atera zen plazara. Zezensuzkoa amaitu ostean, eta amaierako su artifizial sorta jaurti baino lehentxeago, Viva San Sebastián (Gora Donostia!) argizko kartela piztu zen. Hamabietan puntuan, San Sebastian martxa-ren erritmora, banderak igo ziren udaletxean. Aldi berean, elkarteek beren banderak ere igo zituzten, eta, ekitaldian, ohi bezala, suziriak jaurti zituzten».
Txistulariak, zezensuzkoa eta suak
Garai hartako kronikak sansebastianak ospatzeko beste era bat islatzen du. 1920ko hamarkadan, Plaza Berriko bandera igoerako ospakizunean ezinbestekoak ziren aipaturiko osagaiak: txistulariak, zezensuzkoa, musika banda eta su artifizialak. San Sebastian eguneko egitarauak, berriz, beste jarduera deigarri batzuk zituen: goizeko kalejira eta Santa Maria elizako meza santua, batelen estropada, Antzoki Zaharreko euskal antzerki emanaldia, Bulebarreko kontzertua… eta suziriak goizean, arratsaldean eta gauean. 24 orduko programarekin batera, noski, hiriko danborradak ziren protagonista nagusiak.
Bandera igoeraren mendeurrena dokumentatzeko, La Voz de Guipúzcoa egunkari errepublikazalearen 1926ko urtarrilaren 19, 20 eta 21eko aleak hartu dituzte oinarri gisa, besteak beste, Donostiako Udalak eta Donostia Festak-ek. Hedabide honek ere aukera izan du ale horiek eskuratzeko, eta 1926ko San Sebastian eguneko ospakizunen kronika nahiko zehatza jasotzen dute.
Hain zuzen ere, 1926ko urtarrilaren 20ko hainbat pasarte berreskuratu ditugu, aipaturiko egunkariak argitaratutakoak. Euskal Billera danborrada izan zen ateratzen lehena, goizeko bostetan. Bi ordu geroago, Union Artesanak hartu zion lekukoa: «Goizeko zazpietan abiatu ziren beraien egoitzatik, ondo jantzita eta jende askorekin, eta infernuko hotsa eraginez. Kalez kale ibili ziren hiriko kale nagusietan, eta Jose Elosegi alkatearen etxe aurrean geratu ziren. Baita ere, Gobernu Zibilaren, Diputazioaren eta tokiko egunkarien erredakzioen parean».
Batelen estropada jendetsua izan zen urte hartan, 11:00etatik aurrera egin zena Kontxako Badian. Donostiako Ederki Etorria ontziak irabazi zuen, Hondarribiko Maria batela izan zen bigarren, eta hiriko Cariño hirugarren. Kirola ez ezik, kulturak ere leku propioa izan zuen eguneko egitarauan. Antzoki Zaharrean, Ramuntxo antzezlana eskaini zuten, Pierre Loti idazle eta marinelarena, eta Toribio Altzaga idazle donostiarrak euskaratua. Harrera beroa izan zuen ikus-entzuleen artean.
Urte hartako San Sebastian eguna hiru auzotan nola bizi izan zuten ere jasotzen du La Voz de Guipúzcoa egunkariak. Antiguakoa Donosti Zarra elkarteak antolatu zuen, goizetik gauera bitarteko egitarau propioarekin. Izan ere, Antiguak sansebastianak ospatzeko duen ohitura aspaldikoa eta nahiko berezkoa da. Amarakoa, berriz, Amara Txoko elkarteak prestatu zuen, La Fraternal eta La Mariposa elkarteetako ordezkariak festara gonbidatuta. Azkenik, Grosen, Umore Ona elkartea arduratu zen programazio propioaren antolaketaz, eta aipatzekoa da arratsaldean makil dantza egin zutela.
Gaueko hamabiak iristean, Parte Zaharrean borobildu zuten San Sebastian eguna, banderen jaitsierarekin. Elkarte bakoitzak berea jaitsi zuen, San Sebastian martxa eta Iriyarena piezak jo ondoren. Udalak gauza bera egin zuen Plaza Berriko banderarekin. Egun hartako kronikak esaldi honekin laburbiltzen du 24 orduko festa: «Solemnea, alaia eta dibertigarria».
1926ko Donostia
Urteko 365 egunetako bat baino ez da San Sebastian eguna. 1926an ere horrela izan zen, eta aipatzekoak diren beste gertaera, erabaki eta bestelakoak izan ziren. Gainera, horietako batzuek lotura dute Donostiaren gaurkotasunarekin. Esaterako, Loiolako kuartelen inaugurazioa. 1926ko otsailaren 22an izan zen. Espainiako Armadak 1920an erosi zuen 170.000 metro karratuko lursaila, eta sei urte behar izan zituen kuartela eraikitzeko. Beraz, mendeurrena beteta hustu eta eraitsiko dute?
Aurrerago aipatu moduan, Jose Elosegi zen orduko alkatea, eta hainbat erabaki hartu zituen 1926an. Bi urte lehenago itxi ziren hiriko kasinoekin arduratuta, Donostiara turistak erakartzeko bilerak eta egitasmoak sustatu zituen. Zehazki, urte hartako urtarrilean sektoreko arduradunekin elkartu zen, eta garaiko kronikek bileraren ondorioak jaso zituzten: «Turismoa oso garrantzitsua da Donostiarentzat, eta, horregatik, mundu mailako prentsaren bidez propaganda egin behar da, turistak erakartzeko. Propaganda eraginkorra izan dadin, hiriko merkatariek eta industriak lagundu behar dute».
Azpiegiturei dagokienez, 1926a urte historikoa izan zen Donostiarentzat. Uztailaren 27an, Urumea ibaiko uren ibilbidea aldatzea onartu zuten orduko agintariek, eta egungo ibilgua planifikatu zuten. Horrela, ibaiaren gaineko zubi berriek proposatutako helburuak betetzea ekarri zuen.
‘Bagera! 100 urtez beti alai’
Bandera igoeraren mendeurrena ospatzeko, Donostiako Udalak hainbat jarduera eta berritasun prestatu ditu, Bagera! 100 urtez beti alai lelopean. Jon Insausti alkateak horien berri eman zuen hilaren 8an, Plaza Berriko udaletxe zaharrean egindako agerraldian. Aurtengo Urrezko Danborra izan zuen alboan, Xabier Anduaga tenore donostiarra. Datorren asteartean, hilaren 20an, jasoko du oroigarria. Aldiz, hilaren 19ko San Sebastian eguneko bezperako bandera igoeran, San Sebastian martxa abestuko du Plaza Berriko oholtzan, Donostiako Orfeoiarekin batera.
Roskow artistak San Sebastian egunerako egindako kartelarekin batera, aipaturiko leloa jasotzen duen logoa aurkeztu zuten, eta harekin, milaka pin fabrikatu ditu udalak San Sebastian egunean parte hartzen duten haur, gazte, heldu eta, oro har, herritarren artean banatzeko. Beste hainbat nobedaderen berri eman zuten. Esaterako, Joselontxos txarangak danborradan jotzen diren pieza eta ereserki guztiak grabatu ditu, eta horiek eskura jarri dituzte. Bestalde, San Sebastian eguna iritsi bitarteko atzera kontaketa bat egiten ari dira, pasa den larunbatetik hasita. Egunero bideo motz bat zabaltzen ari dira sareetan, danborradaren parte diren pertsonak, momentuak eta emozioak erakusteko. Hain zuzen ere, atzera kontaketa bukatzen ari da Donostiaren egun handiaz gozatzeko. Bagera?




