Transfobiaren aurkako protestara deitu dute hainbat eragile transfeministek
2023ko ekainaren 28ko manifestazioa, Bulebarrean. Xalba Ramirez. Ehgam, Donostiako Asanblada Transbollomarikak eta Gipuzkoako Trans Asanbladak elkarretaratzera deitu dute ostiralerako, hilak 30. Terfak Donostiatik Kanpora! Feminismoaren izenean transfobiarik ez lelopean bilduko dira Euskadi plazan, 19:00etan, protesta zaratatsu baten bidez handik gertu Feministas al Congreso alderdiak aurrera eramango dituen hitzaldi transfoboak gaitzesteko.
“Ekitaldi tansfobo bat antolatu dute TERFek—feminista transfoboek— eta txertoen aurkako taldeek. Haien helburua trans pertsonekiko gorrotoa eta teoria konspiratzaileak zabaltzea da haurren ongizatea aitzakiatzat hartuta”, azaldu dute deitzaileek. Haien hitzetan, Babestu-Proteccion plataformak zientzia arbuiatzeaz gain, haurrei buruzko diskurtso alarmistak partekatu eta beldur kolektiboak indartzen ditu, giza eskubideak eta osasun publikoa kolokan jarriz.
“Ez dugu inolaz ere onartuko. Aurrean izango gaituzue, eta elkarte eta norbanako horien transfobia irmoki salatuko dugu”, aldarrikatu dute deitzaileek eta ekitaldia bertan behera uztea eskatu dute.



