Berdinketen balioa
Realeko neskak eta mutilak puntu batekin konformatu behar izan dira. Bera Berak lidergoa galdu du, Ibaeta Basketek porrot gogorra jasan du, Gipuzkoa Basketek irabazi du eta Txuri Urdinek astindua jaso du.
Realeko Nahia Aparicio jokalaria, egindako golaren jaurtiketaren unean.Reala Maiz esan ohi da irabazi ezin bada, hobe dela ez galtzea. Hau da, berdinketa ontzat jotzen dela. Ordea, puntu horrek zapore gozoa ala gazia izan dezake. Realeko neskek atzo Teneriferen zelaian lorturiko puntua balekoa izan zen (1-1). Txapeldunen ligara sailkatzeko arerio zuzen baten aurka aritu ziren, eta haiekiko distantzia mantentzeko emaitza eskuratu zuten. Nahia Apariciok egin zuen txuri-urdinen gol bikaina.
Realeko mutilek, berriz, bi puntu galdu zituzten atzo San Mamesen jokaturiko euskal derbian (1-1). Guedesek soilik lortu zuen Athleticen atea zulatzea, eta nola gainera. Ordea, beste golik egin ez izanak ekarri zuen galbidea, txuri-urdinek merezi gabe. Epaileak Braisi txartel gorria atera zion Paredesi ustez zaplazteko bat eman ziolako. Jokaldia ikusi ez zuen arren, galiziarra kanporatzea erabaki zuen. Hamar jokalarirekin eta gertaturikoa sinetsi ezinda, Reala bigun aritu zen berdinketaren golean. Garaipenak ihes egin zuen arren, dagoeneko kopako final-laurdenetan jarri beharko dute fokua. Asteazkenean ariko dira Alavesen kontra, Mendizorrotzan (21:00).
Eskubaloian, Bera Berak huts egin zuen berriz ere, baina oraingoan zaleen aurrean. Atletico Guardesen kontra galdu zuten Gaska kiroldegian (28-30), eta lehen postutik hirugarrenera jaitsi dira. Hain zuzen ere, Kanaria Handia da liderra orain, aurreko jardunaldian donostiarrei irabazi zien taldea.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek eta Gipuzkoa Basketek klub beraren kontra jokatu dute asteburuan. Ordea, biek ezin izan zioten Estudiantes madrildarrei irabazi. Azu Muguruzaren neskek amore eman zuten haien kantxan, alde nabarmenarekin (92-67). Sergio Garciaren mutilek, berriz, Gaskan jokaturiko lehen partida irabazi zuten —Illunbe berritu artean han jokatu beharko baitute—, neurketa ona eginez (73-66).
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek ez zuten inolako aukerarik izan Puigcerda liderraren kontra, Anoetako izotz jauregian (0-7). Bestalde, gogoratu behar da neskek Jacan jokaturiko jardunaldi bikoitza atzeratu egin zutela, pasa den asteburuan karbono monoxidoa arnasteagatik pozoitu zirelako hainbat jokalari eta teknikari.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Tenerife 1 — Reala 1
Gizonezkoen liga, 22. jardunaldia
- Athletic 1 — Reala 1
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 17. jardunaldia
- Bera Bera 28 — Atletico Guardes 30
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 19. jardunaldia
- Estudiantes 92 — Ibaeta Basket 67
Gizonezkoen bigarren maila, 18. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 73 — Estudiantes 66
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 17. jardunaldia
- Txuri Urdin 0 — Puigcerda 7


