Oporrak Bakean programak 40 urte beteko ditu, eta harrera familien bila dabiltza
Aurten ere, Oporrak Bakean programa abiatu du Donostiako Udalak, Fronte Polisarioarekin elkarlanean. Gainera, uda honetan, 40 urteko ibilbidea beteko du. Donostiako familiek udako hilabeteetan 10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrak etxean hartzea ahalbidetzen du egitasmoak, eta aski finkatua dago hirian.
Gaur goizean egin dute 40. edizioaren aurkezpena udaletxean. 50 urte gure ateak zabalik eta haien esperantza bizirik leloa dauka, “hiriaren ibilbide solidarioa eta Saharako haurrekin duen etengabeko konpromisoa” nabarmentzeko. Harrera familien bila dabiltzala adierazi dute, eta izena emateko epea otsailaren 15era bitarte egongo dela zabalik. Interesa duten pertsonek zuzeneko arreta jaso eta izena eman dezakete Lankidetza Bulegoan, Aiete jauregian —Aiete pasealekua, 65, 1.a – 20009 Donostia—.
Horrekin batera, etzi, hilak 4, informazio hitzaldi bat izango da udaletxeko Irutxulo aretoan, 18:00etan. Interesa duten guztientzat izango da, programaren funtzionamendua, harreraren baldintzak eta parte hartzen duten familiek jasotzen duten laguntza xehetasunez ezagutzeko.
Hamaika familia
Iaz, hamaika harrera familia izan zituen Oporrak Bakean programak. Aurtengo helburua, berriz, hamabostera iristea da. “Oraingoz, bederatzi familiak errepikatuko dute esperientzia, aurreko urteetan etxean hartutako adingabeak berriro hartuta. Beraz, parte hartzeko prest dauden beste sei familia aurkitu beharko dira”, adierazi du udalak.
Aurten ere, beharrezkoa da programa abian jartzea, saharar herriak baldintza oso zailetan bizitzen jarraitzen baitu, laguntza humanitarioaren mende ia erabat. Udalak gogoratu eta salatu nahi du bidegabekeria hau duela 50 urte luze hasi zela.
Programaren helburua da Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan jasaten dituzten bizi baldintza gogorrak leuntzea adingabe horiei. Donostian dauden bitartean, mediku azterketak egiten dituzte, elikadura on bat daukate, eta, batez ere, basamortua ez den beste ingurune bat ezagutzeko aukera dute.
Oporrak Bakean proiektua, beste ezer baino gehiago, elkartasun sinbolo bat da, eta kulturen arteko zubi. Hizkuntza, ohitura edo sinesmen desberdinak izan arren, esperientzia oso aberasgarria da, bai haurrentzat, bai parte hartzen duten familientzat.


