Mendeurrenean eraitsiko ote dituzte Loiolako kuartelak?
Otsailaren 22an ehun urte beteko dira Loiolako kuartelak inauguratu zituztenetik. Lau urte behar izan zituzten eraikitzeko, eta 1926an izan zen inaugurazio ekitaldia. Alfonso XIII.a Espainiako erregeak eta haren ama Maria Kristina erreginak parte hartu zuten, besteak beste.
Loiolako kuartelen inaugurazio jendetsua eta oso militarra.Pascual Marin / Kutxateka KUTXATEKA Espainiako armada aspaldi iritsi zen Donostiara, eta oraindik ez da joan. XX. mendearen hasierakoa da haien azken mugimendu esanguratsuena, negozio borobila izatearekin batera. 1921ean, Urgulleko gaztelua utzi, menditik jaistea erabaki, eta mendia bera salgai jarri zuten. Donostiako Udala bizkor ibili zen erosteko, jabetza pribatu batek eskuratzea galaraziz. Salerosketaren kopuru zehatza ez da inon dokumentatua ageri.
Beste leku baten bila hasi zen armada, ez zutelako Donostia uzteko inolako asmorik. Javier Sada historialariaren arabera, soldadu batzuk Kanpandegi eta San Martin kaleetan zeuden ospitale militarretara eraman zituzten, eta beste batzuk dagoeneko existitzen ez den Atotxako San Frantzisko komentura. Ordea, ez zen nahikoa, eta Donostian kuartel berri bat izatea exijitu zioten udalari. Honek men egin zuen, eta truke bat baliatu zuen militarren nahia betetzeko.
1920ko hamarkadaren hasieran, udalak 300.000 pezeta pagatu zituen Loiolako lursail bat erosteko. Lope Martinez de Isasti historialariak eta apaizak dokumentatu zuenez, lurrak Urdintzu etxearenak ziren. Ondoren, Heriz jauregia eraiki zuten bertan, eta, azkenik, kuarteletako koronelaren etxea jarri zuten haren gainean. Kontuak kontu, Loiolako lursail hori eskaini zioten Espainiako armadari, baina ez guztiz debalde. Zehazki, Espainiako Gerra Ministerioarenak ziren Ondarretako lurrak udalaren esku uztearen truke. 1922ko otsailean, Loiolako kuartelak eta auzoarekin lotzeko zubi berria eraikitzeko lanak hasi zituzten.
Lau urte geroago, 1926ko otsailaren 22an, inauguratu zituzten Loiolako kuartelak, eta, beraz, egun gutxi barru ehun urte beteko dituzte. Eta, bai, oraindik han daude, baina mendeurrenean eraitsi ditzakete. Izan ere, Donostiako Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak kuartelen lursailaren salerosketaren eskriturak sinatu zituzten iazko uztailean —73,3 milioi euro ordainduko ditu udalak—. Ordutik zenbatzen hasita, militarrek lau urte dituzte eremua uzteko.

Loiolari begira egin zuten inaugurazioa, Alfonso XIII.a erregearen, Maria Kristina erreginaren eta Miguel Primo de Rivera jeneralaren presentziarekin.Ricardo Martin
Ehun urte lehenago
Inaugurazio egunaren kronika Sada historialariak berreskuratu zuen. Arratsaldeko hiruak aldera hasi zen, eta Donostiako erdialdetik Loiolara iritsi bitarteko errepidea «jendez beteta» zegoela dio. Hain zuzen ere, ekitaldiko gonbidatuek bide hori egin zuten kuarteleraino iristeko.
Fray Zacarias Martinez gotzaina izan zen iristen lehena. Ondoren, garaiko luxuzko auto batean ailegatu ziren Alfonso XIII.a Espainiako erregea eta haren ama Maria Kristina erregina. Baita ere, Miguel Primo de Rivera jenerala eta Espainiako militarren burua, gobernadorearen autoan. Udaleko, aldundiko eta armadako ordezkariek osatu zuten gonbidatuen zerrenda.
Sanz komandantea arduratu zen ekitaldia gidatzeaz. Jose Elosegi orduko Donostiako alkateak ere hartu zuen hitza, militarrak eta Primo de Rivera jenerala goraipatzeko. Horrekin batera, Sadak dio erregearen eta monarkiaren alde agertu zela. Bestalde, Loiolako kuartelei hildako bi emakumezkoren izena jarri zieten: Mercedes printzesarena eta Maria Teresa infantarena.
Diruaren defentsa
Loiolako kuartelak hiriaren defentsarako «ezinbesteko» azpiegitura gisa saldu izan ditu Espainiako armadak. Dena dela, 1936ko uztailaren 20an, militarrek frankistekin bat egin eta hiria okupatzeari ekin zioten. Hau da, frankismoaren defentsa egin zuten.
Ehun urte geroago, militarrek leku berean segitzen dute, eta garesti kobratuko dute kuartelen lurrak uzteagatik. Hori gutxi balitz, ondoko lursail batera lekualdatuko dute kuartela; Loiolako hipikara. Hori bai dela pagotxa.



