Abortuaren kontrakoei aurre egingo die Itaiak asteazkenean, Askabideren aurrean
Easo plazan egin du elkarretaratzea Itaiak, abortuaren alde.Itaia Datorren asteazkenean Garizuma hasiko da, eta, horrekin batera, ohikoa den moduan, “antiabortistak Askabideko klinikaren aurrean, abortatzera datozen emakumeak jazartzen ibiliko dira 40 egunez”, Itaiak jakitera eman duenez.
Itaiaren ustez, emakumeen eskubideen aurkako ideiak “gero eta onartuago” daude eta beharrezkoa da “abortatzeko eskubide doako eta unibertsala aldarrikatzea”. Horretarako, easo plaza “hartuko dute” datorren asteazkenean, “ideia erreakzionarioek” Donostian tokirik ez dutela argi uzteko.
16:00etan informazio puntua jarriko dute Easo plazan, hainbat testigantzen berri emateko. 17:30ean, hitzaldia eskainiko dute, eta, 18:30ean, elkarretaratzea.
Askabide klinika, ultra katolikoen jomugan
40 días por la vida (Berrogei egun bizitzaren alde) lelopean, urtero, haurdunaldia eteten duten zentroen inguruan kanpaina egiten dute ultra katolikoek, garizumarekin batera. Donostian ez ezik, Euskal Herrian eta Espainia Estatuko hainbat hiritan ere abortuaren aurkako “bijiliak” egiteko deia egiten dute. Orain arte, urtero elkartu izan dira Askabide klinikaren aurrean, eta urteak dira Askabidek jazarpena pairatzen duela. Ordea, Abortuaren lege berrituaren ondorioz, debekatuta dago klinika hauetako langileak eta kliniketara doazen emakumeei jazartzea. Legeak behartzen die gutxienez ehun metrora egitea protesta.
2022ko apirilean, Donostian, mobilizazio feminista indartsua izan zen talde ultra katolikoak eta eskuin muturreko hainbat taldek egindako elkarretaratzeen aurka. Izan ere, Askabideren aurrean protestek eta mehatxuek urteak daramatzaten arren, azken mobilizazioan aldaketa bat izan dela nabaritu zuten Amarako bizilagunek. ‘Rezar no es delito’ delako elkartea zen antolatzailea, baina honen atzean eskuin muturraren eskua ikus zitekeen: Enraizados, Hazte Oir, Vox eta eskuin muturreko bestelako elkarteen babesarekin.
