Eskuin muturra abortuaren kontrako protesten atzean
Urteak dira Askabide klinikaren aurrean abortuaren kontrako ultrakatolikoek protestak egiten dituztela. Orain, ordea, ‘Rezar no es delito’ elkarteak deituta, mobilizazio berriak egiten ari dira. Elkarte horren atzean eskuin muturreko eragileak daude, eta, besteak beste, Voxeko kideak.
Aurrerapena. Larunbatean, abortuaren kontrako “prozesioa” antolatu dute Amarako Askabideren klinikara; bigarrena hilabetean. Askabideren aurrean protestek eta mehatxuek urteak daramatzaten arren, azken mobilizazioan aldaketa bat izan dela nabaritu dute Amarako bizilagunek. ‘Rezar no es delito’ delako elkartea da antolatzailea, baina honen atzean eskuin muturraren eskua ikus daiteke: Enraizados, Hazte Oir, Vox eta eskuin muturreko bestelako elkarteen babesarekin. Abortua aitzakia gisa erabiltzen ari dira Donostian, zarata egin eta euren gorroto mezuak zabaltzeko.
IRUTXULOKO HITZA-k erreportajea argitaratuko du bihar, gatazkaren nondik norakoak azaltzen, eta talde ultrakatoliko hauek eskuin muturrarekin duten harremana aztertuz. Astekarian eta webgunean irakurgai izango da.