'Aurrera begira' diskoa aurkeztuko du Aria taldeak asteburuan Donostian
Marina Landa donostiarra da Aria proiektuko burua.Aria Aria musika talde donostiarrak Aurrera begira diskoa aurkeztuko du larunbat honetan Donostian (hilak 28), Antiguako Lugaritz Kultur Etxean. Imanol Larzabal aretoan izango da kontzertua, 19:30ean, eta sarrerak hemen daude salgai, 10 euroan.
Taldeak 2025ean argitaratu zuen aipaturiko diskoa, aurretik Uhara eta Dantzaren iraultza singleak kaleratu ostean. Sei abesti ditu guztira Aurrera begira lanak, eta hemen entzun dezakezue, formatu digitalean.
Marina Landa buru
Marina Landa kantautore donostiarrak 2023an sortutako proiektua da Aria, eta Iñaki Ortego (teklatuak), Iñaki Olaskoaga (gitarrak) eta Ion Larrañaga (bateria) ditu bidelagun. Urte hartan bertan, Urdin diskoa argitaratu zuten, eta euren bigarren lan luzea da Aurrera begira. Pop doinu klasikoak eta modernoagoak uztartzen ditu taldeak, pop britainiarraren eta italiarraren zertzeladekin. Italierazko hitza da aria, hain zuzen ere, eta aire esan nahi du euskaraz.
