La Anunciata ikastetxeko langileek beste hiru eguneko greba abiatu dute
La Anunciata ikastetxeko langileen elkarretaratzea, zentroaren ondoan, laugarren greba egunean.ELA Altzako La Anunciata ikastetxea 2025-2026ko ikasturtearen amaieran ixteko asmoa du Francisco Coll hezkuntza fundazioak —horren mendekoa da La Anunciata—, eta langileak zentroaren itxieraren eta horren ondoriozko euren kaleratzeen aurka mobilizatzen ari dira. Hain zuzen ere, hiru greba egun egin zituzten joan den astean horregatik, eta beste hiru eguneko greba abiatu dute gaur: hilaren 3an, 4an eta 5ean egingo dute greba, ELA sindikatuak deituta.
Horrela, guztira, laugarren greba eguna da gaurkoa La Anunciatako langileentzat, eta elkarretaratzea egin dute ikastetxearen kanpoaldean, “Hezkuntza Sailaren eta Kristau Eskolaren inplikazio falta salatzeko”. Hain zuzen ere, kristau eskola da La Anunciata, Francisco Coll hezkuntza fundazioaren patronatukoa. 370 ikaslek ikasten dute ikastetxe horretan, D ereduan, eta 28 hezitzailek egiten dute lan bertan.
ELAk bilera eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, baina oraindik ez du erantzunik jaso, sindikatuak berak jakinarazi duenez. “Kristau Eskolak, berriz, ikasleak bere sarean matrikulatzen jarraitzeko baino ez du jardun”, gaineratu dute. Hori dela eta, bihar, hilaren 4an, elkarretaratzea egingo dute Donostiako Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean, eta ostegunean, asteko azken greba egunean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean elkarretaratuko dira, Andia kalean.
ELAk azaldu duenez, lehenengo hiru greba egunetan, “oso ona” izan zen grebaren jarraipena: “Ezarritako gutxieneko zerbitzuetatik harago, grebarako eskubidea duten langile guztiek bat egin dute”.
