Txaparreneko irisgarritasuna hobetu eta bizikletentzako aparkaleku itxi bat jarriko dute
Intxaurrondoko Txaparrene pasealekua. Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuko irisgarritasuna hobetuko du Donostiako Udalak. Horrekin batera, bizikletentzako aparkaleku seguru bat jarriko dute. Bi jarduerak aurrera eramateko, 134.942 euroko aurrekontua onartu dute Tokiko Gobernu Batzordean, eta hiru hilabeteko epea ezarri dute lanak egiteko. Urtea bukatu aurretik lan horiek bukatzea aurreikusten du udalak.
Enurcoin enpresak idatzitako proiektuaren arabera, pasabide bat sortuko dute Txaparrene pasealekuan, Intxaurrondo kalearekin eta Zubiaurre pasealekuarekin duen elkargunean. Bide segurtasuna eta oinezkoen irisgarritasuna hobetzea da helburua. Obra hori hormigoi inprimatuz egingo dute, Donostiako baldosa hexagonal motako gainazal akaberarekin.
Bizikletentzako aparkaleku estaliari dagokionez, hogei plaza izango ditu, eta aurrez hirian jarri dituzten beste batzuen antzekoa izango da. Pasealekuaren albo batean kokatuko dute, erraz ikus daitekeen leku batean.
