EAJ eta PSE-EE ez daude ados Loiolako Erriberako 83 zuzkidura etxebizitzen banaketarekin
Loiolako Erriberako 83 zuzkidura etxebizitzen simulazioa.Eusko Jaurlaritza Etxebizitza da Donostiak duen behar eta arazo nagusienetakoa. Era berean, etxebizitza da EAJren eta PSE-EEren arteko desadostasun gehien sortzen ari dena. Loiolako Erriberako lursail batek sortu zuen lehen talka, auzoko elizaren parean eta trenbidearen ondoan dagoen eremuan dagoenak. Han eraiki beharreko zuzkidura etxebizitza kopuruarekin ez daude ados udal gobernua osatzen duten bi alderdiak. Jeltzaleek 400 etxebizitza kabitzen direla diote, eta sozialistek 200.
Orain, berriz, ez daude ados Loiolako Erriberako beste lursaileko zuzkidura etxebizitzen nolakotasunarekin. Errepide nagusitik gertu dagoen auzoko lursailean 83 zuzkidura etxebizitza eraikitzea adostu zuten alde guztiek. Berez, adinekoentzako eta gazteentzako izango direla dio bere garaian Etxebizitza Sailak eta Donostiako Udalak sinaturiko hitzarmenak. Halere, Jon Insausti alkateak atzo iragarri zuen etxebizitza guztiak soilik irisgarritasun arazoak dituzten adinekoentzat izango direla. Batez ere, Bizigune programaren bidez etxebizitza lagatzen duten horientzat.
Etxebizitza Sailak, ordea, 83 zuzkidura etxebizitza horiek adinekoen eta gazteen artean banatuko direla berretsi zuen. Are gehiago, kopuru zehatzak eman zituzten. 70 urtetik gorako adinekoentzako, bi gelako 28 etxebizitza eraikiko dituzte. Aldiz, gela bakarreko 55 apartamendu egingo dituzte gazteentzat. Legeak horrela dioelako egin da banaketa hori; 36 urtetik beherakoentzako izan behar dute etxebizitza garapenen %40a.


