Udalak bizkortu egin du Infernuan eta Loiolako Erriberan etxebizitza publikoen eraikuntza
Infernua eremuko lanak.Inaxio Esnaola Donostiako Udal Gobernuak bi izapide onartu ditu etxebizitza publikoaren eraikuntza azkartzeko. Batetik, Eusko Jaurlaritzari obra lizentzia bat eman diote Loiolako Erriberan 83 zuzkidura etxebizitza eraikitzeko —adinekoentzat eta gazteentzat—. Bestetik, Donostiako Etxegintzari Ibaetako Infernua eremuko bi lursail laga dizkiote, babesturiko 270 etxebizitza egiteko.
“353 pertsona edo familiari beren bizitza proiektua Donostian garatzen jarraitzeko aukera emango diguten proiektuak onartu ditugu”, nabarmendu du Jon Insausti alkateak. Erabaki horrekin, udalak hiriko etxebizitzaren arazoari “garrantzia” ematen diola gaineratu du.
Infernuko bi partzelen lagapenari esker, Donostiako Etxegintzak lehiaketa publikoa lizitatu ahal izango du, garapen berri horretan babes publikoko 270 etxebizitza eraikitzeko aukera emango duena. Horrekin batera, garapen horretan bultzada berezia emango dio udalak etxebizitza tasatuaren modalitateari. Izan ere, egingo diren etxebizitza publikoen erdiak, ezarritako baremoen ondorioz, etxebizitza soziala eskuratzeko aukerarik izan gabe etxebizitza librearen merkatuan sartzeko ere ahalmenik ez duten donostiarrentzat izango dira.
Loiolako Erriberan, berriz, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak 83 zuzkidura etxebizitza eraikiko ditu. Eraikin horiek irisgarritasun arazoak dituzten etxebizitzetan bizi diren eta horiek Bizigune programari uzten dioten Donostiako adinekoentzat dira oso-osorik. Gero, beraien etxebizitzak gazteei alokatu ahal izango zaizkie berme guztiekin. “Horrela bi arazo aldi berean konpontzen ditugu: etxetik ateratzeko zailtasunak dituzten adinekoen irisgarritasuna eta alokairuko etxebizitzak arrazoizko prezioan izateko beharra”, azaldu du Insaustik.
