42 emanaldiz osatutako dFeria bertan da
DFeria arte eszenikoen jaialdia datorren astean abiatuko da. Sarrera asko jada salduta daude, eta urteroko arrakasta espero dute. Led Silhouette konpainiako Martxel Rodriguezekin izan gara.
Led Silhouette konpainiaren 'Noces' obrako une bat.DFERIA Martxoaren 14tik 18ra egingo dute XXXII. dFeria, Donostiako Arte Eszenikoen Feria. Legatua izango da ildo nagusia eta Danimarka herrialde gonbidatua. Kartela Mai Egurzak hasi zuen, eta zoritxarrez zendu zenean, bukatu gabe zegoen; bere lagun eta lankide Raquel Rodenasek amaitu zuen hasierako bozetoa. Horrela, herrialde horretako ordezkaritza nabaria izango du programazioak, Danish Arts Foundation eta Danimarkako Enbaxadaren bidez.
Orotara, 31 konpainien 31 ikuskizun eta 42 emanaldi izango dira hiriko hainbat antzeztokitan. Kopuruei dagokienez, ikuskizunen kopuru handi bat (%74) estreinaldia izango da, modu batean edo bestean: bi mundu mailan, hiru estreinaldi Espainiako estatuan eta hemezortzi Euskal Herrian. Diziplinei dagokienez, %48 dantza izango da, beste %46 antzerkia, zirku ikuskizun bat eta diziplina anitzeko beste bat. Konpainien jatorriari dagokionez, atzerriko konpainiak Italiatik, Taiwanetik, Danimarkatik eta Argentinatik datoz.
Ikuskizun nabarmenetako bat izango da martxoaren 17an egingo duten Noces emanaldia, Led Silhouete dantza konpainiak eta Iruñeko Ganbara Koruak elkarrekin taularatuko dutena. Led Silhoueteko dantzari eta koreografo –«eta orain eszena zuzendari!»– Martxel Rodriguezek azaldu duenez, Iruñeko Ganbara Abesbatzak egin zien Stravinskiren ezkontzekin lan bat sortzeko proposamena, eta «pozik» hartu zuten erronka. Baina ez zen erronka erraza, historia luzea duen lan honekin obra bat sortzea.
Ezkontza berrinterpretatuz
Igor Stravinskik (Errusia, 1882 – AEB, 1971) ezkontzetarako egindako pieza famatua berrinterpretatuko du ikuskizunak. Ezteiak (frantsesez, Les noces; errusieraz, Свадебка) da piezaren izena, eta Bronislava Nijinska (Errusia, 1891 – AEB, 1972) errusiar dantzari eta koreografo ezagunak dantzarako moldatu zuen.
Rodriguezek azaldu duenez, «iraultzailea izan zen Nijinska. Ordura arte, ezkontza erritua modu berdintsuan errepresentatzen zen; beti, Grand pas de deux batekin, amaiera zoriontsua iradokitzen». Nijinskak, ordea, proposamen xumeago bat egin zuen, ulertaraziz, «behartutako ezkontzak ez zirela zoriontasun iturri», alderantziz, «biolentzian» oinarritzen zirela.
Horixe, bada, erronka: «100 urte beranduago, nola irudikatu behar dugu ezkontza bat?». Galdera horri tiraka eraiki dute dramaturgia eta koreografia Led Silhouete konpainiakoek. «Ipuinen amaierako ‘eta zoriontsuak izan ziren’ hori gainditu, eta ezkontzaren ospakizun egunaren ostean gertatzen denean jarri dugu arreta, errutinan».
«100 urte beranduago gauza batzuk aldatu dira eta beste batzuk ez. Edo oso motel», uste du Rodriguezek. «Ezkontza behartuez» gain, «maitasun erromantikoa eta bikote ereduak» zalantzan jartzeko aprobetxatzeko erabiliko dute obra, «heteropatriarkatuaren eredua, azken finean». «Gainera, antzokietara joaten den publikoaren zati bati estetika oso heteroa, oso burgesa gustatzen zaio. Portzentaje batean, espero dugu apur bat probokatu dezakeela», gehitu du.
Edonola ere, «oso irekia» izango da interpretazioa. Rodriguezentzat, «ikusle bakoitzaren garunean bukatzen da pieza; antzokira egun horretan eraman duen motxilaren araberakoa izango da interpretazioa». Norabide horretan, sinboloekin eta irudiekin jolastuko dute: etxe barruan gertatzen dena, armairua, erretako baso bat…
Ikuskizunaz gozatzeko aukera
Ikuskizuna ez da nolanahikoa izango. Rodriguezek onartu du «potentea» izango dela, eta «gutxitan ikusten den horietakoa». Ez alferrik. Konpainiako sei dantzariez gain, lau piano jole, bi perkusio jole eta «30 bat lagunez osatutako korua». Korua, gainera, soto batean izango da, eta horrek, «konplexutasuna» gehitu dio lanari.
Hain zuzen, ikuskizunaren «konplexutasun horrek» Noces ikusteko aukera gutxi utziko ditu. Rodriguezek azaldu duenez, nazioartetik hainbat proposamen jaso dituzte jada, baina 50tik gora lagunek osatutako emanaldi bat ez da egun batetik bestera mugitzen. Horregatik, zorteko gaude Donostian, emanaldi berezi honetaz gozatzeko aukera izango baitugu, martxoaren 17an.
Sarrerak salgai
Danish dance theatre konpainiaren Bloody Moon ikuskizunak inauguratuko du dFeria, martxoaren 13an, Viktoria Eugenia antzokian. Euskal Herriko konpainiek eta artista donostiarrek ere lekua izango dute. Aipatzekoak dira, besteak beste, Arizona (Txalo Produkzioak) —Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreekin—, 52 hertz (Ados Teatroa) –Ainhoa Aierbe eta Dorleta Urretabizkaia aktoreekin—, Cantando bajo las balas (Luna Hiena) –Ane Gabarain aktore protagonistarekin—, Tupper (Osa + Mujika) eta Desobedienteak 18/98 (Tanttaka Teatroa) –Miren Arrieta, Aiora Enparantza eta Klara Badiola aktoreekin, besteak beste—.
Egitaraua osorik kontsulta daiteke dFeriaren webgunean. Sarrerak, berriz, webgune horretan bertan eskuratu ahalko dira, eta Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
