Añorgako duatloia egiteko hiru aukera, bosgarren ekitaldian
Etzi, hilak 8, Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak bosgarren duatloia egingo du. Zenbakia borobiltzeko, hirugarren modalitatea estreinatuko dute: txandakako herrikoia. Noski, beste bi aukerak mantendu dituzte.
Julen Egaña Añorgako duatloiaren antolatzaileetako bat da.Inaxio Esnaola Korrika, bizikletan eta korrika. Hori da Añorgako duatloiaren ordena. Bosgarrenez egingo dute horrela, eta inoizko partaidetza handiena izango da. «Astelehenean itxi genuen izen ematea, eta 200 baino gehiago dira parte hartuko dutenak, hiru modalitatetan banatuta», nabarmendu du Julen Egañak. Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko triatloi taldearen arduraduna da, eta Añorgako duatloiaren sortzaile eta antolatzaileetako bat.
Aurten ere, proba Añorgako kale eta ingurune naturaletan egingo da, eta helburua hasierako berbera izango dela berretsi du Egañak: «Añorgan bizitza eta komunitatea sortzea. Beste eragile zein elkarteek bazkariak, bertso saioak, txapelketak eta beste antolatzen dituzte. Guk, berriz, hau da eskaini ahal duguna: guk Añorgarentzat sorturiko duatloia». Igandea iristeko gogotsu dago, Añorgan sentitzen den «energia berezia» delako gehien gustatzen zaiona.
Duatloia bost lagunen artean antolatzen duten arren, Añorga osoak haiekin bat egiten duela dio Egañak. «Irailean hasi ohi gara prestatzen, pixkanaka, tramite asko egin behar direlako. Dena dela, data hurbildu orduko, herritarren interesa eta konpromisoa nabarmen hazten da. Komunitate oso errotua eta indartsua dugu Añorgan, eta, hein batean, haiengatik antolatzen dugu duatloia», azaldu du. Bestalde, ez du ukatu halako proba bat antolatzea «oso nekeza» dela: «Triatloi baterako entrenatzea baino zailagoa da. Halere, igande arratsaldean dena jasotzean, argi dut oso pozik eta gustura egongo garela harturiko lan guztiaren emaitza ikustean».
Mendeurrenaren legatua
Añorgako triatloi taldea 2012an sortu zuten, Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen baitan. Hasieratik, duatloi bat antolatzea zuten helburu. «Dena dela, halako proba bat antolatzeko ideia lehenagokoa da. Añorgako herri krosa antolatzen genuenean, bestelako proba bat egiteko ideia izan genuen. Lasterketa horren antolatzaile ia berberak gara duatloia sortu genuenak», aitortu du Egañak.
Hamar urte geroago, 2022an, egin zuten duatloia antolatzeko urratsa. «Añorgako elkarteak 100 urte bete zituen, eta bultzatu zen atal bakoitzetik zerbait berezia egitea. Mendeurrena behar genuen bultzada izan zen Añorgako duatloia sortzeko», gogoratu du Egañak. Ordutik, urtez urte proba hobetzeko ahalegin berezia egin dute, eta agerikoa da merezi izan duela. Batez ere, partaidetza etengabe hazi delako lehen edizio hartatik bosgarrenera.
Hirutik bat
Añorgako duatloia «berezia» dela uste du Egañak. Gipuzkoan soilik hiru dira antolatzen direnak; Añorgan, Andoainen eta Zizurkilen. Halere, Añorgakoa da ibilbide bereizgarriena duena, haren iritziz: «Auzoan zehar korrika eta bizikletan aritzeko aukera ematen dugu. Bi bira dira korrika, beste bi bizikletan, eta hirugarren bira bat korrika. Oso polita da, eta saiatu gara zirkuituak izaera horrekin diseinatzen».
Txirrindularitzako zirkuitua «are bereziagoa» iruditzen zaio: «Nolabait, lotura bat dute orain ziklismo profesionalean hasiko diren udaberriko lasterketekin. Esaterako, Strade Bianche probarekin, hau ere, asteburuan, Italian. Guk hormigoia daukagu, Rezolari esker. Kutsu hori eman diogu, aldapatxoak sartuz, baina pasatu gabe. Hori bai, Errotazar bideko eta Pilotegiko aldapak esanguratsuak dira. Igo moduan jaitsi behar dira. Dibertigarriak dira». Bestalde, aipatzekoa da txirrindularitzako zirkuitua pare bat aldiz aldatu dutela, baina iazko bera da.
Duatloia herrikoitzeko
Parte hartzeko modalitate bakarrarekin sortu bazuten ere, aurtengo Añorgako duatloiak hiru modalitate izango ditu. Hain zuzen ere, berritasun nagusiena hirugarren modalitatea da: txandakako herrikoia. Bikoteka ariko dira izena eman dutenak; bata korrika eta bestea bizikletan. Hirugarren aukera sortzeko arrazoia azaldu du Egañak: «Duatloia nola herrikoitu pentsatzen gabiltza. Gu ere kirolariak garenez, iruditzen zaigu jendeak beldurra diola duatloiari. Jendeak asko entrenatzen du, eta, batez ere, oso azkar egiten du korrika. Beraz, korrika motelago aritzen direnek azken postuan geratzeko aukera asko dituzte. Hori ez da herrikoia. Horregatik sortu dugu txandakako herrikoia».
Sprinta —5 kilometro korrika, 19,5 bizikletan eta beste 2,5 korrika— eta Super Sprinta —2,5 kilometro korrika, 9,5 bizikletan eta 2,5 korrika— dira beste bi modalitateak. «Super Sprinta iaz egin genuen estreinakoz, Euskadiko Triatloi Federazioak horrela eskatu zigulako. Batez ere, kadeteek ezin dutelako adinagatik Sprint distantzian lehiatu. Horrela ere, ibilbide laburragoa egin nahi duen orok egin dezake», azaldu du Egañak. Horrez gain, aipatzekoa da txandakako herrikoia soilik Sprint distantzian egin ahal izango dela.
Astelehenean itxi zen izena emateko epea, federazioak horrela eskatuta. «200 baino gehiago dira parte hartuko dutenak, baina lasterketa bezperan izena emateko aukera emango bagenu, gehiagok parte hartuko lukete», azaldu du Egañak.
Añorgako duatloia 10:30ean abiatuko da, eta soilik ikusi nahi dutenek, horretarako aukera izango dute. «Hirugarrenez, streaming bidez emango dugu Youtuben Quartan Produkzioak ekoiztetxeei esker. Añorgako Jolas Etxeko telebistan ere ikusi ahal izango da».



