Bost urte Pepe Rei gabe
Bost urte beteko dira martxoaren 9an Pepe Rei hil zela. Galiziarra sortzez, Donostian egin zuen bere bizitza osoa, kazetaritza konprometituaren eredu erraldoiak. Joan Mari Irigoienen hitzekin oroitu dezakegu: «Ni ez naiz erregezalea, / ez, / baina biba Pepe Rei!».
'Egin'-eko ikerketa taldeko Dabi Mendizabal, Edurne San Martin, Ahoztar Zelaieta eta Pepe Rei, 1997an.E. SAN MARTIN Hiriak izan duen kazetari ezagunenetako bat izan zen Jose Benigno Rey (Ourense, Galizia, 1947- Loiola, 2021) Pepe Rei gisa ezaguna. 30 urteko ibilbide oparoa egin zuen, 2001ean, ordea, gurpildun aulkian utzi zuen istripu gogor bat izan ostean, bere lana asko murriztu zen, boterearen pozerako.
Edurne San Martin kazetariak (Eibar, 1968) oso ondo ezagutu zuen Rei. Egin-eko ikerketa talde famatuan izan zen Reirekin batera. Lau eskutara idatzi zuten, hain zuzen, Egin investigación, otra forma de periodismo liburua (Txalaparta, 1998). Bertan kontatzen dute, besteak beste, Egin itxi egin zutela Donostiako falangisten talde batean infiltratzea lortzear zirenean.
«Intxaurrondoko bere etxean idatzi genuen liburu hura», gogoratu du San Martinek: «Egin itxi zuten, eta memoria lan izugarria egin behar izan genuen, ahanzturan gelditu ez zedin». 1990eko hamarkadan, San Martinek Eibarreko Egin-en delegazioan egiten zuen lan, eta igandetan, Hernaniko erredakziora joaten zen, kirolak jarraitzera. Rei zen garai hartan kiroletako erredakzio burua. «Baina kirola baino gehiago interesatzen zitzaion ikerketa, eta halaxe, gutxika joan zen ikerketa talde famatua sortzen».
Kaleko kazetaria
Pepe Reiren kazetaritza estiloa argia zen: «Ez zen prentsaurreko eta teletipoetako kazetari bat. Kaleko kazetaria zen». Hori, bai: «Oso kañeroa zen. 24 aritzen zen lanean. Kafe bat hartzen bazuen, ziur zela informazio berriren bat bilatzeko asmoa zuelako… Eskerrak garai hartan ez zegoen sakelakorik!», dio San Martinek.
Kazetaritza ereduak ez ezik, ikuspegiak ere kezkatzen zuen Rei: «Ustelkeria mahai gainean jarri nahi izan zuen». Nahi… eta egin. EAJren hainbat ustelkeria kasu argitara eman zituen, hala nola txanpon makinen kasu sonatua: «Garai hartan, harri bat altxatzen zenuen eta EAJ zegoen azpian, beti, edo ia beti».
Horren harira, «desprestigio» kanpaina izugarria jasan zuen EAJren aldetik. ETA zen aitzakia, baina San Martinek argi du benetako arrazoia bere kazetaritza eredu «konprometitua» zela: «Min handia egiten zuen. Urteekin ohitu egin gara ustelkeria kasuen ikerketetara, baina Pepe zen bakarra kazetaritza eredu horrekin. Egun, adibidez, esklusiba gehienak alderdi batek filtratzen ditu, beste bati min egiteko. Gu ez ginen inorekin ezkontzen».
Pepe Reiren kazetaritza estiloa argia zen:
«Ez zen prentsaurreko eta
teletipoetako kazetari bat. Kaleko kazetaria zen»
Ez hori bakarrik. Kazetaritza eredu «zorrotz» bat zen muina: «Aurrean oso zezen handia genuen. Justizia ere erabiltzen zuten gure kontra. Salaketak eta kereilak etengabeak ziren. Oso lotuta ez bagenuen, bagenekien zer zegoen. Oso-oso kontrastatua eta egiaztatua egon behar zen guztia. Argitaratu genuen guztia zen egia: dokumentatua eta frogatua, hari fin-finarekin josia». Kontrakoa ere: «Gauza asko jakin arren, frogatu ezin genituenez, gordeta gelditu ziren. Gure abokatuak beti genituen gainean, badaezpada».
Edonola ere, Reiren bulegoa behin baino gehiagotan miatu zuen Poliziak, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aginduz. 1994an atxilotu zuten ETArekin kolaboratzea leporatuta, eta handik hiru urtera errugabetu zuten. 1998an, Baltasar Garzon epailearen aginduz, Egin itxi zutenean ere atxilotu zuten. Ondoren, Ardi Beltza proiektua zuzendu zuen, baina hori ere itxi egin zuen Garzonek eta Rei espetxeratu, EAJk eta EGIk zabaldutako mantra batek kriminalizatu ostean: «Pepe Reik apuntatu, ETAk tiro egin». Epaileak arrazoia eman zion Reiri. Kartzelan igarotako denbora ez zioten itzuli eta itxitako hedabideak ez zituzten ireki.
Donostiarra eta galegoa
«Donostia maite zuen. Urte asko eman zituen bertan». 1970eko hamarkadaren amaieran iritsi zen hirira, La Voz de España hedabidera lanera –frankismoaren mende zegoen hedabide lokala–. Trantsizioko lehen urteetan, hedabide horretako langile ezkertiarrek indarra zutela eta, UCDren gobernuak kazeta itxi, eta «interes publikoko» beste baten alde egin zuen: El Diario Vasco. Hor, Pepe Reik, La Voz de Euskadi sortu zuen, langile kooperatiba batek osatutako tokiko hedabidea, 1983an. Urtebete besterik ez zuen iraun.
Bere donostiartasuna ez zen, ordea, «batere folklorikoa». Eta «danborradan eta San Tomasen ez zenuen ikusiko. Baina Intxaurrondo Zaharrean, Zulo Zahar elkartean afaltzen, edo hor inguruan, bai. Donostiartu zela esango nuke». Hori bai, Rei gogoratzeko orduan, San Martinek baditu bestelako adjektiboak: «Oso galegoa zen. Galego totala. Definizio zabalenean: egoskorra. Garbi zuenean hara zihoan, iparra garbi. Eta oso-oso-oso Celta zalea zen. Beti esaten zuen Coruñako Deportivo eta Celtaren artean klase borroka bat zegoela, Celta zela langileen futbol taldea».
«Orain nostalgia apur batekin oroitzen dut», dio San Martinek: «Kristoren erreferentea eta kristoren eskola. Tipo maitagarria zen. Pandemia baten erdian joan zen, agurrik esan gabe». Egun, berak egindako lanarekin jarraitzeko beharra nabarmendu du: «Ahoztar Zelaieta saiatzen da, baina hedabideek ez dute eredu hori sustatzen…». Bere jarrera ere badu gogoan: «Beti esaten zuen: ‘Zaunka dabiltza, aurrera goazen seinale’».



