Ertzaintzaren bortizkeria salatu dute Egian, independentziaren aldeko margoketa bat «aitzaki»
Egiako Sortuk salatu duenez, joan den ostegunean, martxoaren 19an, Ertzaintzaren hiru patruila Egiako Arrano elkartean sartu ziren, eta bortizkeria erabiliz, hainbat gazte kanporatu eta horietako bi identifikatu zituzten. Oharrean salatu dutenez, Independentzia leloa zuen pintaketa bat izan zen “aitzakia”.
Salaketaren arabera, “ertzainen 2-3 patruila ziztu bizian” sartu ziren Iruresoro plaza kalexkan. Bertan, Ernaik Korrika kulturalaren baitan antolatutako bertso afarira gerturatutako hainbat gazte zeuden eta gazteak, ertzainak ikusita, Arrano elkarte barrura sartu ziren. Beti ere Egiako Sorturen arabera, ertzainak haien atzetik sartu ziren, indarrez eta “bultzaka”.
Orduan, ertzainek “arbitrarioki aukeratutako gazte batzuk seinalatu eta kalera ateratzeko agindu zieten”. Gazteek egoera horren aurrean “desadostasuna” adierazi zietenean, ertzainek “era desatseginean eta modu bortitzean” tratatu zituzten: “Burukadak ematen, potroetatik eta besoetatik gogor helduz, gaizki hitz eginez…”. Azkenean, bi gazte identifikatu zituzten.
Egiako ezker abertzaleak salatu du “Independentzia leloko pintaketek erantzun errepresiboa eragiten dutela, bestelako grafitiek, ordea, ez”. Honela, gazteriaren kontrako “hamaikagarren jazarpen” kasua dela salatu du eta “eredu polizial hau arazoa” dela deitoratu.
