Bi lagun atxilotu dituzte taxi gidari bati lapurreta egiteagatik
Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen igandean, larderia erabiliz lapurreta egiteagatik. Arratsaldeko 15:30ak aldera, taxi gidari batek SOS Deiak 112ra deitu zuen, lehentxeago Pasai Antxon hartu zituen bi bidaiariekin izandako gertakariaren berri emateko. Azaldu zuenez, Aiete inguruan zeudela, gelditzeko esan zioten, eta ordaintzeko dirurik ez zutenez, eztabaidan hasi ziren. Atzeko aldean eserita zegoen bidaiarietako batek, kuter bat atera eta lepoan jarri zion, eta gidariaren ondoan zegoenak, berriz, ibilgailuaren giltza, irratia eta diru zorroa kendu zizkion, biek ihes egin aurretik.
Abisuari erantzunez, hainbat polizia bertaratu ziren, eta herritarren laguntzari esker, bi lapurren irudiak lortu zituzten eta hiri autobus batean igo zirela jakin zuten. Ibilgailua atzeman zuten eta oraindik barruan zihoazen bi lagunak atxilotu zituzten, larderia erabiliz lapurreta egiteagatik.
Astelehen goizean jarri zituzten agintari judizialaren eskuetan. Biek aurrekari ugari dituzte ondarearen aurkako delituengatik. Hain zuzen ere, atxilotuetako bati igande goizean bertan ireki zizkioten eginbideak, ikertu gisa, Donostiako farmazia batean hainbat produktu lapurtzeagatik. Otsailaren 17tik, saltoki horretan lau aldiz egin ditu antzeko ebasketak.

