Illunbeko sarbidea hobetzeko biribilgune berri bat eraikiko du udalak
Illunbe parean eraikiko dute biribilgune berria, Begiristain Doktorearen pasealekuan. Donostiako Udalak biribilgune berri bat jarriko du Begiristain Doktorearen pasealekuan, Illunbeko parke teknologikora eta erabilera anitzeko pabiloi berrira iristeko konexioa hobea izan dadin. Horri esker, Miramon pasealekuarekiko lotunerako mugimendu posible guztiak egin ahal izango dira. Biribilgune berriak 1.319.686 euroko aurrekontua du, eta lanak egiteko sei hilabeteko epea ezarri dute.
“Illunbek eraldaketa handia jasango du datozen hilabeteetan, eta bizitzaz beteko den espazioa izango da, bai bere jarduera enpresarialagatik, bai kirolarekin eta kulturarekin lotutakoagatik. Gure lana da, bertan garatuko diren proiektuak bultzatzeaz gain, jarduera horietara joaten diren pertsona guztiei erraztasunak ematea, modu eroso eta irisgarrian egin dezaten”, azaldu du Jon Insausti alkateak. Gaineratu duenez, “konpromisoa dugu Ospitaleetako igoeratik ibilgailuentzako sarbidea hobetzeko, norabide guztietako sarrera eta irteera fluxuak arintzeko helburuarekin”.
Ezaugarriak
Onarturiko proiektuak aurreikusten du hamaika metroko barne erradioa duen biribilgune bat eraikitzea, eta eremu horretako egungo maldaren desnibela %3 gutxitzea. Aldaketarekin, Illunbera iristeko zirkulazioa arinduko dela dio udalak. Gainera, Amara Berriko trafikoa gutxiko duela nabarmendu dute, ibilgailuak zuzenean joan ahal izango direlako ospitalearen inguruan sarbidea duten edukiera handiko bideetara


