Torturatuentzako Donostiako informazio gunea martxan jarriko dute berriz
Euskal Herriko Torturatuen Sarearen Donostiako agerraldi baten artxiboko irudia. Euskal Herriko Torturatuen Sareak informazio gunea jarriko du martxan berriz ere Donostian, “torturatuen artean karpetak banatu eta jasotzeko”. Zehazki, Amarako Kaxilda liburu dendan jarriko dute gunea, ekainera bitarte, hilabeteko azken larunbatetan.
Horrela, asteburu honetan hasiko dira, martxoaren 28an. Ondoren, apirilaren 25ean, maiatzaren 30ean eta ekainaren 27an irekiko dute gunea, beti 11:00etatik 13:00etara. “Zalantzak argitzen, torturatuen karpetak banatu eta jasotzen, formularioak betetzen, laguntza eskaintzen… jarraituko dugu”, nabarmendu du sareak.



