Turistentzako bulegoa ireki dute udaletxean
Donostiako Turismoaren bulego berriak ateak irekiko ditu gaur bertan Donostiako Udaletxean, Bulebarrera ematen duen alboko sarreran. Bulego berriak bisitariei ez ezik, herritarrei ere informazioa eta arreta eskaintzea du helburu, udalaren arabera. Sarrera berria eskailera edo igogailu bidez egin ahal izango da, eta Udalinfo herritarren arreta bulegoaren parean kokatuko da.
Gune berria “hiria eta ingurua ezagutzeko” informazioa emateko pentsatuta dago. Bertan, urte osoan zehar Donostian eta inguruan egin daitezkeen “jarduerak, planak eta esperientziak” azalduko dizkiete turistei. Bulegoak, gainera, “tokiko enpresek eskaintzen dituzten hainbat produktu eta esperientzia ere eskainiko ditu; horien %97 enpresa txiki eta ertain lokalek sustatutakoak dira”.
Ordutegia urteko sasoiaren arabera aldatuko da. Behe denboraldian astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara egongo da zabalik, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara. Martxoaren 30etik aurrera ordutegia zabalduko da, eta udako goi denboraldian, ekainetik irailaren amaierara arte, egunero 9:00etatik 20:00etara egongo da irekita.
Donostia Turismoak azaldu du bulego berria “Gurea” ereduaren barruan kokatzen dela: turismoaren sustapena baino gehiago, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea lehenetsi nahi dituen ikuspegia. Turismo Bulegoa eta Udalinfo espazio berean egoteak, udalaren esanetan, hiriaren zerbitzuen ikuspegi bateratuagoa erakusten du.
Kokaleku berriaren “balio historikoa” nabarmendu du udalak. Donostiako lehen turismo informazio zerbitzua 1908an sortu zen, eta 1929 eta 1932 artean Kasinoan egon zen, alegia, gaur egungo udaletxean.


