Bentaberriko bizilagunek Jaurlaritzara eta udalera eraman dute haien protesta
Bentaberriko bizilagunak Jaurlaritzaren aurrean egin dute protesta. Bentaberri auzoko babes ofizialeko etxebizitzetako (BOE) 150 bat maizterrek elkarretaratzea egin dute astelehenean Eusko Legebiltzarraren aurrean, Kaleratzeak Stop plataformarekin batera. Mobilizazioaren helburua Etxebizitza Batzordean egingo den agerraldia babestea izan da. Agerraldi horretan 2028an kontratuen babes aldia amaitzean auzoko 500 etxebizitzen etorkizuna bermatzeko beharra azpimarratuko dute.
Agerraldian azaldu dute Bentaberriko 500 familiaren egoera larria. Familia horiek 30 urte daramatzate auzoan bizitzen, baina 2028ko uztailean, kontratuen babes aldia amaitzean, etxea galtzeko arriskua dute. Arrisku hori areagotu egin da etxebizitzen jabeak, TESTA-HOME-BLACKSTONE inbertsio funtsak, 37 familiari kontratua ez duela berrituko jakinarazi ondoren.
Hala ere, maizterrek eta elkarteak eskertu dute Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak egindako esku hartze azkarra. Sailaren bitartekaritzaren ondorioz, jabeek erabakia atzera bota dute eta kontratu guztiak beste bi urtez luzatuko dira. Neurri horrek “behin-behineko lasaitasuna” ekarri du, baina auziaren behin betiko konponbidea oraindik lortu gabe dago.
Alokairu elkarteak salatu du arazoaren jatorria 1990eko hamarkadan dagoela, Bentaberrin 510 babes ofizialeko etxebizitza eraikitzeko proiektua abiatu zenean. 2016an promozioa Blackstone funtsarekin lotutako enpresa baten esku geratu zen, eta ordutik bizilagunek salatu dute etxebizitza babestua izan behar zuena negozio bihurtu dela. Elkarteak Eusko Jaurlaritzari irtenbide orokor bat eskatu dio, 2028tik aurrera ere etxebizitzek babes ofizialeko izaera mantentzeko eta ia 2.000 bizilagunek beren etxeetan jarraitu ahal izateko.


