Antiguako Bodegon: esentzia bera, baina birmoldatuta
Bi aste eskas daramatza berriro zabalik Antiguako Bodegon tabernak. Eskuz aldatu du, baina aurreko izaerari eutsi nahi diote arduradun berriek: antiguatarrei irekia eta auzoari begirakoa.
Ezkerretik eskuinera, Manex Gurutzeta, Arantxa Aira eta Harri Gurutzeta, Antiguako Bodegon tabernan.Maitane Aldanondo Istingorra kaleko kantoietako batean dago Antiguako Bodegon. Bi hamarkada luzez, Josetxo Berra eta Mari Paz Rezusta izan dira barra atzean, urtarrila amaieran utzi zuten arte. Tabernak ateak itxi zituen aste batzuez, hilaren 14an berriro zabaltzeko. Berdina, baina ez bera. Itxuraz pixka bat aldatu dute, eta izpirituari eutsita, buelta bat eman diote ere Manex Gurutzetak (Antigua, 1996) eta Arantxa Airak (Hernani, 1996). Ostalaritzan eskarmentua dute, eta egungo lantokitik ez oso urruti, Plateron, aritu dira azken urteetan: Gurutzetak ia hamar egin ditu sukaldean eta Airak, bost, barran. Haiekin zerbitzari lanetan dabil Gurutzetaren anaia, Harri (Antigua, 2003).
Bodegoneko ohiko bezero ez zirela onartu arren, duela urte eta erdi pentsatu zuten lehenengoz haren ardura hartzea, baina ezkontza tarteko, atzeratu egin zuten asmoa. Duela lau bat hilabetera arte. «Berriro proposatu ziguten eta argiago ikusi genuen bazela unea horrelako proiektu batean hasteko», gogoratu du Airak. Iradokizuna, ordea, ez zieten aurreko arduradunek egin, auzotarrek baizik, zuen bideari jarraitzeko pertsona egokiak zirelakoan.
Lokalaren jabearekin elkartu ziren Aira eta Gurutzeta, beren txostena aurkezteko. Nahi zuenarekin bat zetorren: «Auzotar orori irekia den zerbait eskaintzea», azaldu du Airak, eta gehitu duenez, «ilusionagarria iruditu zitzaion bi gaztek horren proiektu trinkoa aurkeztea». Tabernak zuen auzoko esentzia mantendu, kanpotarrei beren lekua eman, baino antiguatarrentzat izatea nahi dute, «prezio lehiakorra, herrikoia, eta gune seguru bat izatea auzotar guztientzat». Are gehiago, ikusita inguruko tabernetan kanpokoei begirako eskaintza bertakoei begirakoa baino handiagoa dela, diotenez.
Otorduak berreskuratu
Esentzia hori zerk ezaugarritzen duen galdetuta, Gurutzetak dio betidanik antiguatarrak elkartzen diren leku bat dela eta ez zutela hori galtzerik nahi, alegia, «kutsu tradizionala mantendu», etxeko janariari, auzoaren zaintzari… lotuta. Hala, zegoenarekin jarraitu eta zituen gabeziak beteta hobetzea izan da hautua. Sukaldea, kasu. «Azken bost urteetan ez zuten ematen ez bazkaririk ez afaririk, pintxoak jartzen zituzten goizean…», gogoratu du sukaldariak. Hortaz, menua berreskuratu dute eta karta buruan badute ere, oraingoz, probatzen ari dira. Dutena ematen. Kroketek, torreznoek eta gildek arrakasta izan dute lehen egunetan; baita masailek eta txipiroi errazioek ere.
Duela urte batzuk tabernaren erreforma egitean, Berrak eta Rezustak hormetako batean jarri zuten orein irudia zuen azulejo bat, ordura arte barran zegoena. Gorde dute hori ere, baina moldaketak egin dituzte gunean, itxita egon den hilabete eta erdian. Botilen apala kenduta, ireki eta argitasuna eman diote, margotu, aulkiak lisatu… Lana utzi eta proiektuari ekitea «bizitzen ederra» izan arren, «frustragarria» ere iruditu zaio Airari, dagokion lana egiteko gogoz zegoelako: «Kañak zerbitzatu eta ogitartekoak eman». Kudeaketa ardura berria da beraientzat, baina ez ditu bereziki kezkatzen. Gurutzetaren esanetan, «bazen momentua saltoa emateko», eta Aira ere bat dator: «Nork bere buruarentzat lan egitea, ikusi nahi dugu alde on eta txarrekin zer den. Ohitu behar dugu».

Sansebastianetan utzi zuten aurreko arduradunek, eta agurreko festan, ofizialki eman zieten lekukoa, beraiekin barra atzera sartuta. Aholkuren bat ere eman zieten, asko saltzen ziren pintxoak gomendatu, eta ehiza garaian usoa, basurdea… kozinatzen zutela. «Keinutxoren bat» egiteko asmoa dute garaia heltzean.
Lehen egunak «oso kañeroak» izan direla diote, eta aldi berean, nola ez, «politak», harrera oso ona eduki baitute. Gurutzetak esperotakoa izan dela dio, Airak, berriz, bere ustea gainditu duela. Nekeak merezi diela diote eta egunetik egunera hobe doazela ikusten dute. Ilusioak konpentsatzen du, «gogorra, baina polita da».
Argi duten helburua lortzeko bidean: «Izan nahi dugu ezagunak etxeko janariagatik, gauza gozoak emateagatik, eta gertuko tratuagatik». Adin desberdinetakoen elkargune izatea nahi dute, «belaunaldi arteko elkarbizitza» egotean. Era berean, auzoko edonork laguntza behar badu edozein ekimen burutzeko, tabernako ateak irekita dituela diote. Esaterako, Loretope Konpartsarentzat hamaiketakoa prestatuko dute 60 lagunentzat maiatzean, eta auzokide batek saltzen duen ogia jasotzeko gune bat jarriko dute.


