Egun gogoangarria, 50 urte geroago
1976ko martxoaren 27an, mugarri bat ezarri zuen ‘24 orduak euskaraz’ ekimenak. Egun osoko euskarazko irratsaioa egin zuten Donostiako, Loiolako, Iruñeko eta Bilboko Herri Irratiek. Eguna borobiltzeko, jaialdi erraldoia hartu zuen Donostiako belodromoak.
'24 orduak euskaraz' eguna borobiltzeko jaialdia, Donostiako belodromoan.Kutxateka Mende erdia bete du gaur bertan, hilak 27, euskaltzaleentzat horren garrantzitsua izan zen 24 orduak euskaraz ekimenak. Zeruko Argia aldizkariak azalera eraman zuen, Egun gogoangarriaren oihartzuna izenburupean. Joxe Lizarraldek idatzi zuen egunaren kronika, eta honela dio: «1976ko martxoaren 27a egun gogoangarria izanen da Euskal Herriaren historian. Donostia eta Loiolako Herri Irratiek muntatu zuten ’24 orduak euskaraz’ ekintzari esker, egun hortan esperientzia bitxi eta aparta bizi izan du gure herriak. Irrati bidez, hain zuzen, gure zazpi probintziek harreman bizian eman zuten egun hori. Eta hortik dator etorri ere emozioaren indarra: geure herriaren pilpira eta arnasa hain bizi eta nabari sentitzetik».
Larunbat hartan, gauerditik gauerdira, etenik gabe, euskara hutsezko emankizuna egin zuten Donostiako, Loiolako, Iruñeko eta Bilboko Herri Irratiek. «Maratoi haren barruan, dozena bat mahai-inguru egin ziren, elkarrizketak, kronikak Euskal Herri osoko hainbat tokitatik, bertsolarien saioak… eta Euskaltzaindiaren bilera eman zen, zuzen-zuzenean», nabarmendu zuen Elixabete Garmendiak, Berria egunkarirako 2016an idatzitako artikulu batean.
Ekimenaren gidaritza Donostiako eta Loiolako Herri Irratietako hainbat profesionalek hartu zuten: Joxe Ramon Beloki, Joxe Mari Iriondo, Joxe Mari Otermin, Karmelo Otaegi, Txaro Arteaga, Iñaki Zubizarreta eta Nikolas Aldai, besteak beste. Lege frankisten zirrikitu bat baliatu zuten euskara hutsezko irratsaioa egiteko.
13.000 lagun inguru
Eguna borobiltzeko, garaiko euskal kantari eta talde garrantzitsuenen jaialdi erraldoia egin zuten Donostiako belodromoan. 13.000 lagun inguru elkartu ziren, eta aldarrikapenez beterikoa izan zen, oraindik ilegala zen ikurrin asko erakutsiz.
Jose Luis Zumetak diseinatu zuen kartela. Taula gainean, berriz, kantuan aritu ziren Mikel Laboa, Lurdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Gorka Knorr, Jean Mixel Bedaxagar, Gontzal Mendibil, Artze anaiak, Oskarbi eta Lupe, besteak beste.
Ekimenaren izenari dagokionez, Garmendiaren ñabardura bat irakur daiteke 1932-2002. Euskara hegaz: euskal irratiak 80 urte liburuan: «24 orduak euskaraz, eta ez 24 ordu euskaraz. Hogeita lau orduak, gaur, bihar eta etzi, beti eta jarraian, euskaraz. Aldarrikapena zen artean helburu hori». 50 urte geroago, aldarrikapena oso presente dago.


