Euskararen Donostiarentzat galera bat gehiago
Donostian euskararen presentziaz, kultur ekosistemaz eta hiriaren eraldaketaz hausnartzeko abagunea ekarri du Hontzaren itxierak. Amets Ibero eta Aiora Enparantza Bagera Euskaltzaleen Elkarteko kideek, Jose Angel Irigarai idazleak eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak ikuspegi ezberdinetatik aztertu dute gertatutakoa. Osatu duten irudia ez da soilik liburu denda baten agurra: hiri eredu baten, komunitate baten eta hizkuntza baten erronken isla ere bada.
Hontza liburu dendaren azken egunak.Joseba Parron San Sebastian Donostian urte luzez euskarazko literaturaren eta kulturaren erreferentzia izan den Hontza liburu dendak ateak itxiko ditu, asteartean. Askoren begietara, komertzio baten itxiera hutsa izan daiteke; baina euskararen ekosistemari begiratuta, galera sakonago baten sinboloa ere bada. Hontza ez da soilik liburuak erosteko tokia: topagune bat zen, ideiak partekatzeko lekua, eta euskaraz bizitzea errealitatea izan zitekeela baieztatzen zuen gune bat, hiriko erdigunean.
Espazio bat galtzea
Hontzaren moduko tokiek duten balioa ulertzeko, lehenik ulertu behar da zer izan diren. Aiora Enparantza Bagera elkarteko kideak argi du: «Hontza ez da liburu denda soil bat; espazio sinboliko bat izan da, harremanetarako gunea, kultur transmisiorako lekua eta euskaraz bizitzeko aukera txiki baina esanguratsu bat». Horrelako espazio bat ixtea, haren ustez, hutsune material bat baino gehiago da: Donostiako sare sozial eta kulturala ahultzea ere bada.
Bagerako Amets Iberok ikuspegi zabalago batean kokatzen du: «Mundu globalizatuan, euskarazko edukia kontsumitzeko beste espazio bat galdu dugu». Haren ustez, Hontzaren gisako tokiek komunitatearen kohesioa sendotzen dute, eta horrelako topalekuak galtzeak proiektu berriak sortzeko aukerak ere murrizten ditu.
Liburu denda baten itxierak, beraz, ez du soilik komertzio sarean eragiten: kulturaren eta hizkuntzaren transmisioan ere badu eragina. Jose Angel Irigarai idazlearen hitzetan, Hontza «liburu denda berezi eta bakan horietakoa» da, idazle, irakurle eta literaturazaleen erreferentzia, eta haren galera «deitoragarria» da. Haren ustez, halako espazioek irakurketaren bidez mundua beste modu batera ulertzeko aukera ematen dute: «Irakurriz gozatzeko, gogoetatzeko eta kritiko izateko aukera eskaintzen dute».
Liburua «kontsumo objektu» gisa ere krisian dagoela uste du Beñat Gaztelumendi bertsolariak: «Munduaren logikaren kontra doa: liburu aurrean jarri eta orduak alferrik galtzea… ez dakit iraultzailea den, baina bai interesgarria, mundu presatu honen aurrean denbora hartzea. Korrontearen kontrakoak dira liburu dendak, aitortzen diegu balioa, baina bertan erostea kostatu egiten zaigu».
Hiriaren eraldaketa
Hontzaren itxiera ezin da isolatutako gertakari gisa ulertu. Donostiako erdigunean azken urteotan gertatzen ari den eraldaketa zabalago baten parte dela uste dute elkarrizketatuek, eta beste hainbat galeren zerrenda luzera gehitu dute: Rekalde, Aurresku, Alboka… Gaztelumendik «shock egoera» moduan deskribatzen du. Haren iritziz, fenomenoa turismoaren eta gentrifikazioaren logikarekin lotuta dago: «Donostiako zentroa, askorentzat, arrotza bihurtzen ari da. Donuts baten antzera, erditik husten ari da Donostia, eta periferiara bidaltzen gaituzte».
Horrek ondorio zuzenak ditu komertzioan ere. Betiko dendak desagertzen ari diren bitartean, frankiziak eta kate handiak ugaritzen ari dira. Gaztelumendiren arabera, homogeneizazio horrek hirien nortasuna ahultzen du: «Londresen edo New Yorken dauden denda berdinak agertzen dira hemen ere».
Irigaraik ere antzeko irakurketa egiten du. Haren ustez, egungo eredu ekonomiko eta urbanistikoak ondorio larriak ditu: «Badakigu, indarrean dagoen –eta eragiten den– eredu espekulatibo eta kontsum
istak ondorio oso larriak dakartzala etxebizitzaren arloan, prekaritatean, turismo politikan, ostalaritzan, urbanizazioan, komertzioa gero eta frankiziakoagoan… eta abar luzea. Funtsean, interes ekonomikoa nagusi, fatxada hobetsiz, benetako bizitza sozialaren kaltetan: kanpo eder, barne eri».
Adibide asko eman daitezkeela dio: «Partaidetza predikatu eta kasu mikorik egin ez jendearekin adostutakoaz; turismoa itsuki sustatzeari ekin ondoren, berandu denean, marra gorria ez gainditzeko neurriak hartu izanaz harropuztuz; bertako dendetan erostea aldarrikatu eta makrosaltegi eta antzekoak sustatuz; krisian den Km0-ko ekoizpena sustatu behar dela etengabe aldarrikatu eta, une berean, Bretxako merkatua plazatik lekutu eta plaza benetako bizitza sozialez hustuz… eta abar luzea. Ez badirudi ere, dena loturan dago, liburu dendak barne, sistema dominantearen politikaren ondorio baizik ez baitira», dio, egoera laburbiltzeko.
Euskararen ekosistemaren ahultasuna
Euskararen ikuspegitik, espazioen galera bereziki kezkagarria da. Enparantzaren ustez, euskarak ez du soilik azpiegitura fisikoa behar; ekosistema oso bat behar du: «Etxetik eta lantokitik kanpo euskaraz bizitzeko espazioak ezinbestekoak dira». Hala ere, ekosistema hori ahultzen ari dela uste du. Gizartea gero eta indibidualistagoa dela dio, eta horrek zaildu egiten du proiektu kolektiboak sostengatzea. Horri gehitu behar zaio ekonomia ereduaren krisia: «Historikoki euskalgintzari eutsi dioten kooperatibek eta komunitate finantzaketek ere neke zantzuak erakusten dituzte».
Iberoren ustez, euskararen presentzia txikiagoa da frankizietan edo kate handietan, eta horrek hizkuntza erabiltzeko aukerak murrizten ditu. «Gurpil bat da», dio: euskarazko espazio gutxiago egoteak erabilera bera zailtzen du. Horren ondorioz, askotan, euskara oso espazio jakinetara mugatzen dela dio Enparantzak. «Oso leku gutxitan bizi daiteke eroso euskaraz, Donostian», azaldu du.
Azken kale neurketek erakusten dutenez, «geldotze» fase batean sartu da euskara, eta hirian, «atzeraldi» gisa irakur daiteke. «Ustez indartsuen zeuden tokietan galtzen ari gara. Arnasgune batzuk galtzen ari gara, baina leku berriak irabazten. Euskara atzeraldian dago Añorgan, baina Altzan aurreraldian», dio Gaztelumendik, estrategia eta diskurtsoak auzoka egokitu beharraz hausnartuz.
Zergatik ez da posible izan?
Donostian euskaltzale ugari dagoela askotan azpimarratzen da. Hori horrela izanik, galdera bat sortzen da: zergatik ez da posible izan Hontzaren gisako proiektu bat kolektiboki sostengatzea? Noski, gisa honetako lanen ezaugarriak eta klase aspirazioak daude tartean, baina Enparantzaren ustez, bestelako faktoreek eragin dezakete: proiektu kolektiboekiko nekea, diskurtsoaren eta eguneroko ohituren arteko arrakala, edo «norbaitek egingo du» pentsamoldea.
Iberok, berriz, euskalgintzaren dinamika bera jarri du mahai gainean. Haren ustez, mugimenduak berrikuntza behar du: «Denbora guztian ekintza berdinak eta erantzun berdinak errepikatzen baditugu, emaitza ez da aldatuko».
Gaztelumendik beste faktore bat gehitu du: prekaritatea. Horrelako proiektuak aurrera eramatea gero eta zailagoa dela dio, bizi baldintzak gero eta ezegonkorragoak direlako. «Denbora eta energia falta ere bada», azaldu du.
Ordea, denak ados daude ideia batekin: Donostiaren bizitza auzoka antolatzen da, eta, beraz, auzoz auzo pentsatu behar dira proiektuak. «Zehazki zer den… ez dakit. Doka sortu zen garaian eztabaida hori bera izan zen: euskarak kafe antzokia behar zuen, edo ez. Batzuek esaten zuten ezetz, auzoek beste identitate eta indar bat zutela eta interesgarriagoa zela auzo bakoitzean eragingo luketen egitasmoak sortzea», oroitu du Gaztelumendik. Doka eredu arrakastatsua litzateke: «Auzoan errotua eta donostiar guztientzat, zein kanpokoentzat erreferentea».
Azpikultura bat hiriaren logikan
Hizkuntza gutxitua izatearen auzia jarri dute erdigunean elkarrizketatuek, horrek, Donostiako euskaldunok azpikultura baten parte bihurtzen gaituelakoan. Enparantzaren ustez, «ezin dugu ahaztu euskara hizkuntza gutxitua dela, eta borroka egiten ez duzun heinean, atzera zoazela. Etengabe aritu behar gara, bi hizkuntza erraldoien kontra ari gara borrokan».
Gaztelumendik argi du egoera «onartezin» batean bizi garela: «Bi hiri gaude elkarrekin, paraleloan. Euskaraz ez diren lekuak gure sentitzen ditugu, baina kontrakoa ez da gertatzen: guretzat inportanteak diren gauzak elebakarrentzat ez dira existitu ere egiten. Gauzak garbi esan behar dira: gutxitze prozesu bat da. Euskararik gabe ere bizi zaitezke Donostian, eta uste dut hori larria dela. Donostian euskara existituko ez balitz bezala bizi direnei, demokratikoki, esan beharko diegu errespetu falta bat dela».
Gutxi balitz, euskaldunen existentziaz axolagabe dauden horien kexak segituan datoz, «pixka bat molestatzen hasten garenean». Kritikoa da egoera: «Konformista samarrak izan gara. Euskararen hiria garela diogu, baina oso hauskorra da hori. Pare bat belaunalditan ez bada egonkortzen, atzerakada nabarmen bat emango da».
Hori kolektibora eramanez, Iberok uste du euskal komunitateak baduela indar nahikoa: «Euskararen egiturek badute boterea kalea hartzeko. Euskal Herri mailan badago indarra: greba orokorra, Palestinaren aldeko manifestazioak… eta hori euskaraz egiten da. Kontua da euskara helburu gisa jartzen denean ez dela hori gertatzen».
Oldarraldiaren erdian
Euskalgintzaren erronkak atzeraldi juridiko baten erdian ari dira birpentsatzen. «Oldarraldi judizialarekin» erabat arduratuta daude: «Ikusi da orain arte disimuluan aritu diren presio talde eta egitura batzuk badaudela hizkuntza politiketan atzera egin nahi dutenak», Gaztelumendiren arabera.
Bagerako kideek uste dute gaiari ez zaiola behar beste garrantzi ematen ari: «Euskaraz bizi behar dugu kalean, baina, noski, gure administrazioan euskaraz artatuak izatea garrantzitsua da. Borroka instituzionalak indarra ematen dizu. Prestigioaren gaia dago. Administrazioa euskalduntzeak bai ematen dio prestigio bat, eta leku bat euskarari.
«Diskurtso mailan asmatu» beharraz gogoeta egin du Gaztelumendik: «Elebitasunaren diskurtsoa erabili dugu, baina euskaraz hitz egiten dugunok elebidunak izateko esfortzua egin dugu; guk kontzesioa egin dugu bizikidetzaren izenean, baina erdaldun elebakarrek ez dute kontzesiorik egin. Zeozer gogorragoa egin behar dugu diskurtso mailan. Sedukziotik iritsi garen lekura iritsi gara, eta, orain, gure eskubideak aldarrikatu eta borrokatu beharra dugu».

Donostiako Euskal Herrian Euskarazek Egiako epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratze bat, oldarraldia judiziala salatzeko.EHE
Euskalgintzaren erronkak
Hontzaren itxierak beste galdera handi bat ere mahai gainean jarri du: nola irudikatu euskararen aldeko mugimendua gaur egungo Donostian? Iberoren ustez, mugimenduak hiri osoko eragile sozialak bildu behar ditu, euskara funtzionamenduaren erdigunean jarriz. Auzoetatik hasi eta hiri osora hedatzen den sare bat irudikatzen du, kalean, kultur espazioetan eta gazteen harremanetan presente egongo dena.
Enparantzak ere elkarlanaren beharra azpimarratzen du, baina ikuspegi zabalago batetik: euskalgintza beste mugimenduekin lotzea proposatzen du, hala nola feminismoarekin, ekologismoarekin edo ekonomia sozialarekin. Haren ustez, «euskaraz bizitzeko» espazioak sortzea da gakoa, ez soilik euskararen aldeko diskurtsoa egitea. Adin taldeetan jarri dute erronka: «Jakin nahiko nuke non dagoen 25-40 urteko jendea euskalgintzarekiko. Guk jende oso gaztea edo oso heldua ikusten dugu». Iberok zorrotzago hausnartu du: «Euskalgintza zaharkituta dagoen mugimendu bat da. Denbora guztian ekintza berdinak eta erantzun berdinak daude. Horri buelta bat eman behar diogu».
Gaztelumendik ere aliantzen beharra azpimarratzen du. Haren ustez, euskararen aldeko borroka hiri bizigarriago baten aldeko borrokarekin lotu daiteke: «Homogeneizazioaren aurka dauden beste talde batzuekin elkartzea garrantzitsua da».
Irigaraik, berriz, hizkuntzaren auziaren dimentsio politikoa nabarmendu du. Haren iritziz, euskararen normalizazioa ezin da ulertu talka politikoaren testuingurutik kanpo: «Hizkuntzarena talka politikoa da, eta horri aurre egiteko estrategia sendoak behar dira. Gakoa bizi estrategia mailan jardutea dela. Premia handikoa da hori garatzea, lehenengo eta behin, garbi edukiz, teorian eta praktikan, hizkuntzarena talka politikoa dela. Esatea ez da zaila, baina horren arabera plantatzea euskararen normalizazioa bai, funtsean oinarrizko talkara daraman auzia delako, eta horri benetan buru egiteko herren gabiltza…».
Aliantza berriak
Aipatu diren aliantzen inguruan, komunitate migratzaileak hartu dituzte gogoan. Batetik, errealitate gero eta handiago eta anitzagoa osatzen dutelako hirian, baina bestetik, auzoetako taberna, eta komertzio ugari, jatorri atzerritarreko bizilagunek hartzen dituztelako, eta, horrek ere baduelako paisaia linguistikoan eta komunitatean eragina.
Argi dute Bagerako kideek: «Pertsona bat etortzen denean, harrera egitea ezinbestekoa da, eta erakustea hizkuntza gutxitu bat dagoela. Erraztasunak eman behar ditugu murgiltzeko». Iberok nabarmendu du «migratzaileei errua botatzea» dela errazena, «ez dutela ikasten» esatea, «baina hori ez dela horrela»: «Ardurak lehenago beste batzuei jarri beharko zaizkie».
Hori horrela, Enparantzak gehitu du «harrera prozesuan euskara txertatu» behar dela, eta horrek ez du esan nahi «iritsi eta berehala euskaraz ikasi behar duzunik, baizik eta murgiltzea komunitate batean, erraztasunak ematea».
Enparantzak indarra egin du ideia batean: «Euskara komunitate gisa ikusi behar da. Euskara ekosistema bat da, ez soilik hizkuntza bat: sortzen den kultura, joerak, elkarguneak… Hori guztia da euskararen Donostia». Gaztelumendik ere norabide berean garatu du ideia: «Herri gisa zor diogu euskara ikasteko erraztasuna hona bizitzera datorren edonori. Hori ez da ardura indibidual bat. Herri gisa sistema bat eskaini behar dugu euskara doan, erraz eta eskuragarri jartzeko».
Aurrera begira
Hontzaren itxierak hutsune nabarmena utziko du Donostiako kultur panoraman. Baina, galera horretatik, ikasi ere egin daiteke. Euskararen etorkizuna ez dago soilik hizkuntza politiken edo instituzioen esku: eguneroko espazioetan ere erabakitzen da. Liburu denda batean, taberna batean, kultur gune batean edo auzoko topaleku batean.
Hontzak erakutsi du posible dela euskarazko komunitate sendo bat sortzea hiriaren erdigunean. Orain, galdera da ea Donostia gai izango den hutsune hori betetzeko modu berriak asmatzeko. Enparantzak dioen bezala, erronka nagusia ez da ideia berriak edukitzea, baizik eta gauzak «benetan» eraikitzea. Edo Gaztelumendik iradokitzen duen moduan, proiektu bakar handi baten zain egon ordez, auzoz auzo sortuko den sare bat osatzea: «Dena dago asmatzeko. Ezin gara tematu denok ados gauden proiektu batean: proiektu txiki asko behar ditugu».
Horregatik, Hontzaren itxiera albiste tristea izan arren, askorentzat, abisu bat ere bada: euskarazko espazioak ez dira berez sortzen eta berez mantentzen. Komunitate batek elikatu behar ditu. Eta, galtzen direnean, hiri oso batek nabaritzen du hutsunea.
Soa altxatzea da Irigarairen lanetako bat: «Mundua aldatzen hasteko bide bakarra gure esku dagoena aldatzen hastea da, orain eta hemen Donostiarena, jakitun, noski, hori gure herriarekiko loturan dagoela, eta hura munduarekikoan; eta alderantziz, bistan da».





