Apirileko lehenengo greba eguna egin dute Zubietako erraustegiko langileek
Zubietako erraustegiko hainbat langilek elkarretaratzea egin dute Gipuzkoa plazan, apirileko lehenengo greba egunean.LAB LAB sindikatuak deituta, Zubietako erraustegiko langileek greba egin dute gaur, hilak 14, eta euren egoera salatzeko elkarretaratzea ere egin dute Gipuzkoa plazan, aldundiaren egoitzaren aurrean. Langileek otsailean jakinarazi zuten enpresa hitzarmen propioa negoziatzeko egindako saiakerak enpresaren ezezkoa jaso zuela, eta hainbat mobilizazio eta lanuzte egin dituzte ordutik. Gaurkoa apirileko lehenengo greba eguna izan da, baina 21ean ere greba egitekoak dira langileak.
“Enpresak greba ilegaltasunaren mehatxua bota ondoren, martxoan greba eskubidea burutu zituzten langile guztiei ohartarazpen idatzia ezarri zien, 40 ohartarazpen inguru zigor mehatxuekin batera. Greba ondorengo bileran, langileek greba burutzeko duten legezko eskubidea urratzen saiatzeaz gain, enpresak aurrerapausorik ez zuela emango adierazi zien”, salatu du LABek.
Horrela, Zubietako erraustegia kudeatzen duen Ekobal enpresaren “atzerapauso eta mehatxuen aurrean, eta jakinda Gipuzkoako Aldundiak kontratatutako Ekondakin enpresaren azpikontrata dela”, sindikatuak azaldu duenez, “erraustegiko langileek beraien lan baldintzak hobetzeko apirilak 14 eta 21ean egin behar dituzten lanuzteetan aldundiaren parean elkarretaratuko dira, azpikontrata nahaste honen arduradun nagusia interpelatzeko eta konponbidea aldarrikatzeko”.


