Ategorrietako Galtzada Zaharreko eskola ingurunea hobetuko dute
Galtzada Zaharra kalean berrikuntzak egingo dituzte, segurtasuna eta antolamendua hobetzeko, bereziki, eskola inguruneari lotutako mugikortasunari dagokionez.
Ategorrietako Galtzada Zaharra. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onartu ditu Ategorrietako Galtzada Zaharra kaleko eskola ingurunea eta bertako puntu kritikoa hobetzeko obrak. Proiektuaren helburua da eremu horretako segurtasuna eta antolamendua hobetzea, bereziki eskola inguruneari lotutako mugikortasunari dagokionez.
Horretarako, zenbait berrikuntza egingo dituzte; alde batetik, lehendik dagoen espaloia altxatuko dute, erabiltzaileek eskola garraioaren aparkaleku gisa erabiltzen jarrai ez dezaten. Bestetik, noranzko bakarreko bidegorria Zurriolako hondartzarantz birbideratuko dute, araututako aparkaleku eremutik igaro dadin.
Trafikoa baretzeko neurriak ere ezarriko dituzte; gehienezko abiadura orduko 20 kilometrora murriztuko dute, —orain arte, 30 kilometro ordukoa zen muga—, eta goraguneak eraikiko dituzte. Horrez gain, argiteria publikoko instalazioak ere hobetuko dituzte, eremuaren ikusgarritasuna eta segurtasuna handitzeko helburuarekin.
Obrak 158.086 euroko aurrekontua izango du, eta hiru hilabeteko egikaritze epea aurreikusten du udalak.


