Herri plataformek «fartsatzat» jo dute Osasun Ituna eta kalera ateratzeko deia egin dute
DOPAk deituta, hainbat herritar elkarretaratu dira Groseko anbulatorioaren aurrean.Beñat Parra Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek (OPA) gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Euskal Osasun Ituna. Kolektiboaren ustez, ekimena ez da osasun sistema publikoa hobetzeko tresna bat, EAJk bere irudia garbitzeko antolatutako ”fartsa” bat baizik.
Salatu dutenez, parte-hartzaileak zorrotz kontrolatu dira prozesuan, ahots kritikoak “sistematikoki baztertuz” eta “deserosoak” ziren ondorioak alde batera utziz; hala nola pribatizazio guztiak bertan behera uzteko eskaera.
Manifestazioa, Osakidetzaren alde
Koordinakundeak dei zuzena egin die herritarrei hilaren 18an kalera ateratzeko, Osakidetzaren defentsan. Manifestazio horien bidez, hiru ardatz nagusi aldarrikatuko dituzte: pribatizazioen berehalako etetea, benetako itun “parte-hartzaile eta lotesle” bat, eta kudeaketa txarraren ondoriozko erantzukizun politikoak argitzea.
Donostian, Bulebarretik abiatuko da manifestazioa, 17:00etan. Nabarmendu dutenez, “ezinbestekoa da herriaren presioa osasun publikoa desegiteko prozesua gelditzeko”.


